Ordu berean, udalerriko gune ezberdinetan hiru batzar egingo ditu gaur, asteazkena,
Getxoko PPk. Horrenbestez, popularrak "auzo bakoitzera" joango dira, "barruti batzordea" deritzoten egitasmoaren hirugarren deialdiaren bitartez, auzokideen kezkak eta eskaerak lehen eskutik ezagutzeko. Bilerak herritar guztiei irekita daude: "Auzokideak topaketa hauetara etorri eta haiek dituzten beharrizanak konta diezazkiguten nahi dugu, guk beraien proposamenak landu edo kexuak EAJren Gobernu Taldeari helarazi ahal izateko. Izan ere, orain arte ate atzean botatzen dituztela ematen du", adierazi du Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak. Hitzorduak 19:00etan jarri dituzte popularrek beraien egoitzan, Zugatzarte Etorbideko 8. zenbakian, Itzubaltzeta / Romo eta Areetako bizilagunentzat; Villamonteko kultur etxean, Algorta eta Neguriko auzokideentzat; eta Andra Mari kiroldegian (2. gela), Getxokoentzat. Hurrenez hurren, Jesús Toca, Eduardo Andrade eta Marisa Arrue izango dira bertan. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Toca, Arrue eta Andrade, artxiboko irudian.