Bihotza Gazterekin jarraituko dute gaur Getxoko Euskararen Jardunaldiek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 14a, 11:48

Euskararen erabilera sustatzeko, euskal kultura hurbiltzeko eta astia euskaraz emateko, Euskal Kulturaren XVI. Jardunaldiek jarduera desberdin ugari eskainiko dituzte bi hilabetetan zehar Getxo udalerrian. Udalak eta, nagusiki, euskalgintza inguruko hainbat eragilek antolatuta, aurtengo edizioaren egitarauak, musika ekitaldiak, familientzako tailerrak, literatura saioak, zinema eta antzerkia aurreikusi ditu, besteak beste. Horiekin batera, eta berritasunen artean, Euskararen Nazioarteko Egunean (abenduak 3) Berbabanda ikuskizuna izango da, Areetako Andres Isasi Musika Eskolako bandaren eta Getxoko Aixerrota institutuko ikasle batzuen eskutik, eta ez dira faltako Argia Ereiten Euskara Saria edo Nazioarteko Trikitixa Jaialdia. Bada, gaur, ostirala, izango dute jarraipena Euskal Kulturaren Jardunaldiek, Bihotza Gazte musikarekin lagundutako bertsolari beteranoen saioaren bitartez. Hitzordua 20:00etan jarri du Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE), Kasinoan. Bertan, Sebastian Lizaso, Iñaki Murua eta Anjel Larrañaga arituko dira, Kupela musika taldeak lagunduta. Argazkian, Larrañaga eta Murua 2008ko Bihotza Gazte saioan.

Bihar, larunbata, Magiklown pailazoen saioa izango da eta hurrengo egunean Vivaldiren urtaroak antzezpena, biak Algortako Villamonte kaleko kultur etxean. Toki berean, baina hilaren 17an Argihizkiak erakusketa zabalduko dute eta, bi egun geroago, literatura tertulia izango da Mikel Etxabururekin, euskararen historiari buruzko proiekzioak ahaztu gabe. Ekitaldi gehiago izango dira urtea amaitu arte.

Bi hilabete luzez

“Udalerrian bi hilabete luzeetan izango diren jarduera guztien eskaintza hurbildu nahi diegu herritarrei, euskara sustatzeko zein euskal kultura hurbiltzeko edo astiaz euskaraz ere gozatu ahal izateko. Horregatik, eskaintzak ezaugarri desberdineko ekitaldiak ditu, gustuen edo publikoaren araberakoak, euskaldunengan ez ezik, zerbait dakitenengan eta jakin ez baina hizkuntzarekiko edo euskal kulturarekiko interesa dutenengan ere pentsatzen ari garelako”, nabarmendu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak.

Ildo horretan, “nabarmendu nahi dut urtero bezala eskaintza zabal hori beste erakunde eta udalerrian euskararen alde lan egiten duten elkarteekin dugun elkarlan estuari esker izango dela, egitarauak eragile sozialekin batera antolatutako jarduera ugari dituelako, esate baterako, Bizarra Lepoan, ALBE, Sendi, Egizu, "UK" aldizkaria, Itxas Argia, Kalabazan Kultur Ekimena eta Bizkaiko Trikitixa elkartearekin, Bizkaiko Foru Aldundiaz gain”, gehitu du zinegotziak.

Euskal Kulturaren XVI. Jardunaldiak (pdf)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun