Uxune Iriondo eta Juanma Cabrera (LAB Metro Bilbao): "Emakumeak gutxiesten dituen publizitatea Bilboko metroan"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 14a, 13:09

Laster, azaroaren 25aren harira, emakumeen kontrako indarkeriari ez aldarrika eta puntu lilak erakutsiz irtengo dira erakunde eta enpresak, jendartea oro har. Baina normalean oharkabean igarotzen dira edonon, baita gure enpresan, Bilboko metroan ere, indarkeria hori elikatzen dituzten mezu, irudi, portaera eta abarrak, egunero nonahi ikusten eta entzuten ditugun mezuak. Bi adibide emango dizkizuegu, barrenak astindu dizkigutelako langile eta bidaiari gaituen Bilboko metroaren geltokietan ikusi ditugunean. Lehena, Ulibarri euskaltegiak aurten jarri duen publizitatea. "Llevamos muchos años haciendo euskaldunes... y cada vez nos salen mejor" edo horrelako zerbait diote, eta buzoz jantzitako hainbat langile ari dira euskalduna·"egiten". Non dagoen arazoa? irudian ageri diren guzti-guztiak, buzodunak zein euskalduna, denak dira gizonezkoak. Argazkian, bidaiariak metro geltoki batean, artxiboko irudian.

Euskaltegi horretan, eta gehienetan, emakumeak dira nagusi kopuruetan, ikasle zein irakasle. Eta kartelean gizonezkoak soilik jarri dituztenean, emakumeen arlo horretako benetako presentzia eta lana desagerrarazi dute di-da batean.

Bigarrena, larriagoa. Clínica Londresek kartel handiak jarri ditu geltokietan, "Hacerte sentir mejor es ofrecerte un tratamiento de aumento de pecho al mejor precio", neska gazte baten aurpegia atzean duela. Zer sentitu behar dugu emakumeok horrelakoen aurrean? Zergatik jasan behar ditugu horrelako mezuak egunero?

Horrelako mezuek eta irudiek ez diote inolako mesederik egiten berdintasunari.

Zuzendaritzak erantzungo digu publizitate legala dela, erabat, eta ez dagokiela adierazpen-askatasunaren kontra joatea, eta horrelako publizitatea txarrestea. Ez etorri horrelakoekin, mesedez, ez da egia.

Norbaitek ikusi du inoiz alderdi politiko baten publizitaterik Bilboko metroan? Ohartu zarete banketxeei buruz dagoen publizitate ia guztia, dena ez esatearren, Kutxabank-ena dela? Argi dago, beraz, publizitatea arautzea dela hori, ez txarrestea.

Berdintasun-parametroak, emakumeenganako errespetua, genero ikuspegia praktika onak dira, eta arlo horretan aurrerakoi eta aitzindari dela harro dioen enpresa batek inoiz ahantzi gabe bere jarduera guztietan zehar-lerro gisa txertatu beharko lituzke, bai ala bai.

Hara zer eskatzen diogu zuzendaritzari, argi eta ozen: kendu lehenbailehen emakumeak gutxiesten dituen publizitatea, mesedez. Jar ditzagun bitartekoak berriro horrelakorik gerta ez dadin.

Uxune Iriondo Urbistazu eta Juanma Cabrera Garcia, LAB sindikatuaren ordezkariak Metro Bilbaoko enpresa batzordean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun