Areetako Xake plazako karpak Getxoko Manga Azoka hartuko du asteburu honetan, hilak 15 eta 16. Azokaren jarduera egitaraua manga elkarte batek egin du eta horretan aniztasuna da ardatz nagusia, Getxoko Kultur Etxeak dioenez. Aurten, bisitariek cosplay (mozorroak) eta karaoke lehiaketetan parte hartu ahal izango dute, besteak beste. Tailerrak ez dira faltako Getxon eta horietan marrazketa digitala, manga marrazketa, Gundam-en margozketa, cosplay argazkigintza, koadernaketa japoniarra, sukaldaritza eta makillajea ikasi eta egiteko aukera izango dute. Horretaz gain, 30 postutik gora hartuko dituen merkataritza-gunea ere izango da. Eskaintza horri bideo-jokoak, borroka-joko erakustaldiak eta ilustrazioa, bonsai eta Gundam erakusketak gehitu behar zaizkio, baita Mangaparty jaia eta "Attack on Games" lelopeko kontzertua eta hitzaldi eta mahai-inguruak ere. Getxoko Manga Azoka 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Eta sarrerek 3 euro balioko dute. XIII. Komiki Azokari dagokionez, hilaren 21etik 23ra egingo dute. Argazkian, Shinichi Watanabe anime zuzendari japoniarra izango da Getxoko Manga Azokan / cc-by-nc-sa Kay Oh.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!