Sopelako presoak bisitatzeko laguntzak bueltatzea agindu du epaile batek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 16a, 22:29

Sopelako Udalari 2011n presoen senide eta lagunei kartzeletara bisitan joateko emandako diru laguntzak berreskuratzea agindu dio Bilboko Administrazioarekiko Auzi 5. Epaitegiko epaileak, gaur "El Correo" egunkariak kaleratu duenez. Kazetak jasotakoaren arabera, epaia pasa den urriaren 31n sinatu zuen magistratuak. Bertan, diruaren banaketa zalantzan jarri eta kantitateak bueltatzea agintzen du, horretarako epeak zehaztu gabe. Auzia Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak abiatu zuen 2013ko otsailean, eta "El Correo"-ren arabera, Bilduk 2011n "ETAko presoen senideei" emandako diru babesaren aurka egiteko asmo zuen. Dispertsioa gainditzeko laguntzak, baina, 2008ko azaroan onartu zituzten Sopelan lehen aldiz, Imanol Garai alkate jeltzalea Eusko Abertzale Ekintza, EA, EB eta Berdeekin akordio batera heldu zela. 14 aldeko botoz, PSE-EEren abstentzioaz eta PPko zinegotzi bakarrak ezetz esanda, Udalbatzak honako testua onartu zuen: "Bizkaiko lurralde historikotik kanpoko espetxean zigorra betetzen zein badaezpada dauden pertsonak ikustera joateko, 2008an egindako baidaietarako dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak". Orduan Udalak 24.000 euroko funtsa sortu zuten preso politiko zein sozialengana heltzeko. Halere, etxetik urrun dauden udalerriko preso kopurua nabarmen jaitsi zela, 2011n, 5.300 bat euro bideratu zuen Saioa Villanuevak zuzentzen duen Udalak. Onuradunak bi izan ziren, antza biak presoren senide. Argazkian, laguntzak onartu zituzten zinegotziak.

Urquijok 2013ko maiatzaren 2an aurkeztu zuen helegitea, nahiz eta errekurritu zuen udal agindua onartu zenetik bi urte pasa zirela, legezko epea testua jaso eta bi hilabetekoa izan. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera, Udalak ez zien testua igorri eta, hortaz, epean leudeke. Aldiz, Sopelako Udalak nabarmendu zuen 2012an eman zuela laguntzen berri.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun