Jon Iñarritu Aralarreko Zuzendaritzarako hautatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 17a, 13:28

Jon Iñarritu Amaiurreko diputatu areetarra Aralarreko Zuzendaritzako kide izendatu dute alderdi horrek asteburuan Iruñean burututako VI. Biltzarrean. Prozesu berean, Rebeka Ubera izendatu dute alderdiko idazkari nagusi. "Ekosozialismoa eta Independentzia" izenburuan, Biltzarra bikoitza egin du Aralarrek, "Ezker abertzale zibil eta zabalari ekarpena egiteko helburuz". Azaroaren 8 eta 9an, Ponentzia Politikoari eta Estatutuen Ponentziari militanteek egindako zuzenketak eztabaidatu zituzten Bilbon. Herenegun, ordea, bi ponentziak bere osotasunean bozkatu eta alderdiaren zuzendaritza berria aukeratu zuten Aralarreko militanteek. Era horretara, Rebeka Ubera alderdiko idazkari nagusi aukeratu zuten, botoen %85,7arekin. Era berean, orain arte alderdiko buru izandako Patxi Zabaleta ohorezko lehendakari aukeratu zuten, boteen %89,5arekin. Horrez gain, zuzendaritza osatuko duten militanteak hauek izatea erabaki dute aralarkideek: Jon Iñarritu, Ainhoa Beola, Asun Fernandez de Garaialde, Nekane Perez, Maite Sarasua, Rikardo Otxoa, Aitor Zaldua eta Aser Lertxundi. Argazkian, Jon Iñarritu eskumatik bigarrena, Iruñean aukeratutako Zuzendaritza berrian / © Aralar.

Bestalde, Ponentzia Politikoa zein Estatutuen Ponentzia onartu zituzten, hurrenez hurren botoen %88,7arekin eta %83,5arekin.

Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusi berriak adierazi zuenez, “momentu politiko garrantzitsu hauetan, inoiz baino gertuago gaude Aralarrek bere sorreran zuen amets eta helburutik, ezker abertzale zibil eta zabala gauzatzetik”. Gaineratu zuenez, “ausardiaz eta eskuzabaltasunez jokatu behar dugu, Euskal Herrian gehiengoa den herritar aurrerakoi, ezkertiar eta abertzalea batzeko, egituratzeko eta dinamizatzeko. Alderdien koalizio hutsetik haratago joateko”.

Euskal gizarteak ezker zabal, anitz eta sendoa behar duela azpimarratu zuen: “Egitura demokratikoak, parte hartzaileak eta erabakigarriak izango dituena. Hori delako berme bakarra Euskal Herri independente eta burujabea lortzeko”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun