2015eko maiatzeko udal hauteskundeetarako herri programa osatzeko asmoz, atzo abiatu zituen herri topaketa irekiak Leioako EH Bilduk. Hilaren 22ra bitartean, egunez egun gai desberdinak jorratzeko parada izango dute, "Leioa berria eraikitzeko" bidean. Atzokoan Kultura eta Euskara izan zituzten hizpide, San Bartolome auzoko kultur etxean egindako bilkuran. Bada, gaur, hirigintza eta auzoen egoeraren inguruan arituko dira, 19:00etatik aurrera, Pinuetako kultur etxean. Eta bihar herriko kirolariek eta kiroldegien erabiltzaileek esperientziak elkarbanatu eta beharrizanen inguruan eztabaidatzeko aukera izango dute, ordu berean, Sakonetan. Besteak beste, kiroldegi berria, Sakonetaren egoera edo kirol taldeen nondik norakoaren inguruan jardungo dute. Hori guzti hori larunbatean borobilduko dute eraiki nahi duten "Leioa Berriaren" inguruan eztabaidatuz. Egun horretako hitzordua 10:30ean jarri dute Kultur Leioan. Argazkian, 2011ko udal hauteskundeei begira Leioako Bilduk egindako ekitaldi politikoa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!