Hiri Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) eta zarama bilketa zein estolda tasak ordaintzeko laguntzak eskatzeko epea zabaldu berri du Sopelako Udalak. Tokiko iturriek zehaztu dutenez, hilaren 30era arte egongo da eskaerak aurkezteko aukera Larrabasterako Sopelarin bulegoan (Gatzarrine, 2. Telefono zenbakia: 946 569 494). Gehienez ere, OHZren dagokion zenbatekoaren %75 ordaindu zaie diru-laguntzen onuradunei. Eta zarama bilketa eta estolderiagatiko tasei dagokienez, gehienez ere, urteko ordainagirien %50. Bi kontzeptuak bateragarriak dira, eta hortaz, kontzeptu biengatik eska liteke laguntza, udal arduradunek gaineratu dutenez. Eskatzaileek Sopelan erroldatuta egon beharko dute diru-laguntza eskatzen duten unean. Gutxienez 12 hilabeteko antzinatasuna izan beharko dute erroldan. Halaber, egoera hauetako batean sartuta egon beharko dute: langabezia; Gizarte Segurantzako edozein erregimenetako pentsioduna izatea; lanean egotea, lanbidearteko gutxieneko soldataren adinako errentak jasota; edo Sarrerak Bermatzeko Errentaren jasotzaileak izatea. "Oro har, nahikoa diru baliabide dutenek ezin izango dute eskatu", aipatu dute Sopelako Udaletik. Argazkian, udaletxe sopeloztarra / © Sopelako Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!