Gaur zeukaten epailearen aurrean aurkezteko hitzordua, etxetik kaleratzera zihoazen familiarekiko elkartasunez,
ekainaren 24an Algortako Aldapa kaleko 23. atariren ondoan batutakoetatik Ertzaintzak identifikatutako 14 lagunek. Aurretik, baina, dena erabakita zegoen. Fiskalarekin hitzarmena adostu ostean, 60 euroko isuna baino ez du ordaindu behar izango bakoitzak. Epaiketa bezala, besteak beste, Getxoko EH Bilduk eta Auzokideok plataformak goizeko 11etarako Justizia Jauregiaren aurrean deitutako kontzentrazioa bertan behera geratu da. Dena dela, aipatu lagunei "faltengatik isun sinbolikoa" jartzeko aukera "bidegabekeriatzat" jo du auzotar elkarteak batzen dituen kolektiboak. Gogoratu, egun berean atxilotutako gazteari 600 euroko isuna jarri ziotela, uztailaren 9an egindako epaiketan. Auzokideok plataformak plazaratutako oharraren arabera, etxetik kaleratzera zihoazen familiarekiko elkartasuna adierazi duten herritarrak zigortzea "eskubide eta askatasunen inboluzioaren beste adibide bat" baino ez da. Ildo horretan, "pitinka-pitinka baino gelditu barik" gertatzen ari diren etxe-gabetzeei jarraipena egin eta horiek nola salatu aztertzeko, eragile eta norbanakoak datorren astean batuko direla adierazi dute. Argazkian, ekainaren 24ko etxe-gabetzea / © Getxotik_aske.