Duintasun Martxa izango da 29an, Areetatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 20a, 17:13

Azaroaren 29an, larunbata, ogia, lana, etxebizitza eta batez ere duintasuna aldarrikatuko duen Duintasun Martxa Areetako Zubia plazatik abiatuko da, goizeko 10etan. Protestak Bilbo izango du helmuga, bertako Jesusen Bihotz plazan Uribe Kostatik joandakoek Bilboko zein Ezkerraldeko zutabeekin bat egin eta manifestazioan irtengo direla, goizeko 12:30ean. Antolatzaileek "borrokan dauden sektore eta kolektiboei" parte hartzeko deia luzatu diete. Protesta Hego Euskal Herrian hilaren 24tik eta 29ra deitutako borroka astearen barruan kokatzen da, oraingoz Uribe Kosta ukituko duen ekimen bakarra dela. Martxak AEB eta Europako Batasuna negoziatzen ari diren Merkataritza Librerako Ituna (TTIP), langabezia, behin-behinekotasuna, emakumeen aurkako bortxakeria, ustelkeria eta mota guztietako eskubide demokratiko, politiko, sozial eta ekonomikoen murrizketa salatuko ditu, 1978ko "erregimena" bukatu eta PPren Gobernua eta murrizketak egiten eta Troikaren politikekin kolaboratzen dituzten beste guztiak alde egiteko eskatzearekin batera. Argazkian, martxoaren 14tik 16ra Leioa eta Erandioko campusetik Laudiora egin zuen Duintasun Martxak / © Errepublika Plaza.

M-22 oinarri

Sorburua Madrilen du ekimenak, Estatu espainol osotik hara joandako martxoaren 22ko Duintasun Martxetan, Espainiako hiriburuan 1,5 milioi pertsona bildu eta errepresio gogorra bizi izan zela. Bestalde, desadostasunak ere izan ziren. Euskal Herria eremutzat duen Gune plataformak iragarri zuen Madrileko manifestaziora joango zela. Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak egin zituen adierazpenak. Halere, bezperan sindikatu horrek parte hartuko ez zuela jakinarazi zuen, "hasierako iniziatibaren partaide ez ziren hainbat eragilek, euren onura propioaren bila, ekimenaren benetako helburuak guztiz trakestu" zituztelakoan. Hasiera batean, SAT Andaluziako Langileen Sindikatuak, Extremadurako Duintasun Kanpaldiak eta Julio Anguita politikari ezagunak sortutako Gehiengoa Gara Fronte Zibikoak deitu zituzten martxak eta haiei 200 bat sindikatu eta eragile batu zitzaizkien.

29ko "Ogia, lana, etxebizitza... duintasuna" manifestaziorako deialdia

Duintasun martxak berriro kaleratuko gara "Ogia, lana, etxebizitza... duintasuna" ozenki oihukatzeko. Egoera arras korapilotsu batean aurkitzen garelako, muturreko egoeran, larrialdi sozial egoeran; egoera honek langileriari, gehiengo sozialari eta herriei erantzun kolektibo eta masibo bat ematera bultzatzen gaitu.

Milioika langilek ez dute enplegurik. Ehunka familiak etxebizitza galdu dute. Gaztediaren parte handi bat atzerrian bizimodua ateratzera behartuta dago. Emakumeoi gure gorputzez erabakitzeko eskubidea kendu nahi digute. Herriei erabakitzeko eskubidea ukatzen zaie. Osasungintzan, heziketan, mendekotasunean, eta abarrean murrizketak egiten darraite. Gure nagusiak engainatu dituzte preferenteen banku-maularekin. Eskubideen lapurtze bat jasaten ari gara eta gehiengo sozialaren pobretze orokortze bat, guzti-guztia hiritarrok egin ez dugun zor ez-legitimo eta higuin bat ordaindu beharraren izenean.

Bitartean, benetako botereak, hauteskundeetara aurkezten ez dena, dirutza egiten eta botere politiko usteltzen darrai. Diruak zerga-paradisuetara eramaten darraite, txartel opakuak erabiltzen dituzte, diru publikoetako milaka milioi oparitzen dituzte bankuak eta espekulatzaileak libratzeko, gure zergetatik ateratzen diren diruak. Europar Batasuna eta Amerikako Estatu Batuen arteko “Merkataritza Librerako Itun” bat (TTIP) ezarri nahi digute; itun hau isil-gordeka negoziatzen ari dira multinazionaltzarren onerako herriaren bizkarretik. Eta protesta egiten dugunean erantzun bera jasotzen dugu: errepresioa eta kriminalizazioa. Orain, manifestatzeko eta adierazteko askatasuna ere lapurtu egin nahi dizkigute polizia-gehiegikeria blindatuko duen mozala jarri nahi digutelarik. Krisiaz eskubide sozialak murrizteko baliatu ez ezik, askatasun demokratikoak ere kentzen saiatzen ari dira. Sistema ustel eta zikin-zikin honek gehiengo sozialaren askatasunak eta eskubideak sobran ditu.

Baina ez dugu onartuko. Matxinatu egingo gara. Bakan batzuen etekin pribatuen bila bakarrik aritzen den sistema honek antzeman ez ditzazkegun ondorioak izango duen ingurumen- eta jendarte-hondamendira garamatza halabeharrez. Krisi-maula honek giza-drama galanta dakarkigulako. Ez dugulako euren militarismo ezta euren harrapaketa-gerren konplizeak izan nahi. Ez dugulako milioika pertsonen osasunarekin eta bizitzekin espekulatzen duten negozio zikinen parte izan nahi.

Madrilen, martxoaren 22an, milioi eta erdi pertsona bildu ondoren, ekainaren 21ean euren parlamentuak ingu- ratu genituen, eta urriaren 24an, Asturiasen, benetako erantzuleak seinalatu genituen. Oraingo honetan, berriro, borrokari ekingo diogu.

Mobilizazio sozialerako deialdi berri bat egiten dugu, azaroaren 24tik 29rako deialdia hain zuzen. Egun horietan enplegu duin, oinarrizko errenta, kalitatezko zerbitzu publikoak, etxebizitzarako eskubidea eta etxebizitzaren truke mailegu-zorraren kitapena, askatasun demokratikoen alde, eta administrazio publikoen aurrekontu murriztalieen aurka, zor higuina ordaitzearen kontra, langabezia, prekarietatea, murrizketak, TTIP, ustelkeria, 78ko erregimena eta errepresioaren aurka, eta nola ez, hilaren 25ean, emakumeenganako indarkeriaren aurkako mobilizazioetarako deialdiak ere egin ditugu.

Batez ere protestatzeko deialdia egiten dizuegu azaroaren 29an Bilbon egingo den manifestaldietan parte har dezazuen.

Emakume eta gizon librekin osaturiko jendarte baten aldeko mobilizazioan parte-hartzera deitzen zaituztegu; erasotzen eta ordezkatzen ez gaituzten sistema baten, erregimen baten eta gobernuen kontrako mobilizazioa. Joan daitezela exijitzen jarraituko dugu. PPren Gobernua alde egin dezala, hala nola murrizketak egiten eta Troikaren politikekin kolaboratzen dituzten gobernu guztiak.

Ekimenaren kartela

IMG-20141119-WA0005
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun