Leioa erdibitzen duen errepidea herriko hirigintza oztopo nagusiena dela azpimarratu du Fullaondok. “Azpiegitura horrek Leioako erdigunea bitan zatitzen du eta nabarmen mugatzen du herriko bizitza soziala. Gainera, arazo akustiko garrantzitsuak eragiten dizkie inguruan bizi diren leioarrei eta ingurugiroan ere eragin negatiboa du”, zinegotzi ezkertiarrak nabarmendu duenez. EH Bilduk azaldu duenez, errepidea estaltzea “ez da kapritxozko eskaria, oinarrizko beharra baizik. Bai hirigintza ikuspegitik, nahiz sozialetik eta ingurugiroarekiko errespetutik”.
EAJ eta Leioako interesak
“Nekaturik gaude hainbesteko atzerapen eta betetzen ez diren hitz emateekin. Leioak ez du halakorik merezi eta beste behin ikusi dugu Bizkaiko Foru Aldundiak Leioa bigarren mailako herritzat duela”, gaineratu du Fullaondok. Era berean, Leioako EAJk “herriko interesak defendatzeko duen ahalmen eskasa” nabarmendu du. “Ez zituzten Leioako interesak defendatu metroa eraiki zenean eta geltokia erdigunetik kanpo egin zen, ez zuten egin Lamiako inguruan metroa estaltzeko eskariarekin, ez dute egin tranbiaren proiektuarekin eta ez dira gai izan Lamiakoko makroaraztegia geldiarazteko garaian ere”, esan du udal hautetsiak. Koalizioaren ustez, "argi gelditu da beste behin, azpiegiturei dagokienean EAJk ez dituela Leioako interesak babestu nahi".