"Staying Alive” ikuskizunean, sekretuen inguruan arituko dira ordu eta erdiz, zalantzan izanda informazioaren gizartean botere handiagoa daukan sekretua isiltzen duenak ala ezagutzera ematen duenak. Horrekin batera, islatuta agertuko diren beste gai eta sentsazioak misterioa eta frustrazioak eragiten duen ezinegona izango dira. Iragana zoragarri bilakatu duenean orainaldiak, beldurra, ahanztura eta fantasia nahasiko dira Bee Gees taldeak kantatzen zuen "Staying Alive"-ren munduan. Matarile Teatroak oihuka dator bueltan, Man uharteko taldeak aldarrikatu bezala, "bizirik darraigu" esateko, antzerkia aldarrikatuz adierazpide eta ogibide gisa, entzuleekiko joko energetiko bezala. Horretarako, zirkua, absurdoaren antzerkia, arrazoiaren erabilera irrazionala, akademizismoaren errefusapena, adi egotearen aldarrikapena, emakume manikia, espazioaren magia... erabiliko dituzte ikuskizun adimentsu, hunkigarri, dibertigarri, sakon eta zoli horretan.
Ana Valles buru, Matarilek talde izaera aldarrikatzeko eta artearen existentzia eta balioa aldarrikatzeko performancea egiteko: nahiz eta beldurra izan, bizirik jarraitzen dugu, bizirik mantentzen gara. Saioa amaitzean publikoarekin topaketa egingo dute aktoreek.
"Staying Alive” dantza ikuskizun eta antzezlanaren aurrerakina (© Matarile Teatro)
"Lehen aldia" zikloa
Arte eszenikoen zikloaren helburuei jarraiki, eskainiko diren bi ikuskizunak 5 urtetik beherako umeen beharrizan eta esperientzia sentsorialak kontuan hartuta ekarri dira. "H20"-n, ura izango da sorkuntzarako oinarri. Izan ere, elementu horri buruz dena dakigula badirudi. Baina hurbilagotik begiratzen dugunean, ustekabez beterik dago eta gaur egun arte misterioa izaten jarraitzen du zientzialarientzat. Ura botere handia da, hala izotz bloke bat bezala, nola iturri distiratsua edo gorako lurruna, edari freskagarria edo dena suntsitzen duen olatua bezala, soinu elementu bat edo argiaren isla. Ikuskizun honetan urak forma berriak hartzen ditu beti. Artistak eta entzuleak berdin inspiratzen ditu eta bizitzaren mirariaren ideia ematen digun poesia sortzen du. Ur tanta bakar batez hasten da...
"Kleur" obran, berriz, paper zuriko zoru bat izango dute abiapuntua, bertan zazpi ontzi zuri izango direla. Eszenatoki horretan arituko dira dantzari bi, zuriz jantziak. Saioaren hasieran, ontzi bat zabalduko da barnean margo urdina izango dela. Baina, zer egongo da gainontzeko ontzietan? Dantzariak katuka ibiltzen eta zoruan pirritan hasiko dira, paperean kolorezko markak utziz, pintzelekin koloreko margoa sortuz, eskuekin, gorputz osoarekin. Dantza, antzerkia, musika zuzenean, txikienak irudimena erabiltzera bultzatuko dituen ikuskizuna.