2014ko Europako Kirol Hiri Onenaren saria jaso du Getxok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 20a, 19:09

Getxoko ordezkaritza batek, Imanol Landa buru zuela, udalerria 2014ko Europako Kirol Hiri Onena izendatzen duen bandera jaso zuen atzo asteazken arratsaldean, Europako Parlamentuan. Hori horrela, Getxok bat egin du Guimaraes hiri portugaldarrarekin, Europako Kirol Hiri Onenaren palmaresean. Aitortze horrekin urtean zehar Europako Kirol Hiriaren tituluaz gozatu duten 25.000 eta 500.000 biztanle arteko 17 hirietako batek antolatutako kirol-programazio onena saritu du ACES Europe-k. Udal getxoztarretik azpimarratu dutenez, Getxo Kirolak-ek 300 ekintza inguru antolatu ditu 50 kirol modalitate desberdinetan, 130 erakunde, klub eta elkarteren laguntzarekin. Horietan 40.000 lagunek hartu dute parte eta beste 2.700ek boluntario lana egin dute. Argazkian, alkatearekin batera, Bruselara bidaiatu dute Álvaro González Kirol zinegotziak eta Getxo Kirolak udal erakundeko beste lau lagunek / © Getxoko Udala.

Saria eskertzeko hitzaldian, 2015erako hautagai izango diren hirietako 350 ordezkariren eta Europako Legebiltzarreko kideren aurrean, Landak labur-labur azaldu zuen Getxoko Udalak saria lortzeko jarraitu dituen kirol ereduaren nondik norakoak. “Gure herriko kirol proiektuak bi oinarri sendo ditu. Batetik, gizarte-ehun handi bat, kirol talde eta elkarteek osatutakoa. Eta bestetik, politiken buru den udal erakunde bat, helburu gorentzat kirola eta jarduera fisikoa pertsona guztien eskura izatea duena”. Horrez gainera, alkateak gogoratu zuen “beharrezkoa dela kirolaren, jarduera fisikoaren eta aisialdi osasungarriaren egundoko indarra baliatzea, gizarte kohesionatu baten alde, eta giza balioei eta bizi-kalitateari dagokienez erreferentzia handia izaten jarraituko duen Europa baten alde lan egiten segitzeko”.

Bestalde, Gian Francesco Lupatelli ACES Europe-ko presidenteak bere epaian aipatu zuen Getxo “benetako kirol eredua" dela pertsona guztientzat, "osasuna, hezkuntza, integrazioa eta errespetua sustatzeko tresna gisa". "2014an zehar hirian garatutako kirol kudeaketak Europako Manifestua errepikatzen du alor honetan, baita ACES Europe-k eta Europako Batasunak berak sustatzen dituzten jardunbide egokiak ere”, gaineratu zuenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun