Zabaldu ditu ateak Getxoko Komiki Azokak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 21a, 18:32

Igandera arte Getxoko Komiki Azokaren 13. urteurrena ospatuko dute Areetako Xake plazan jarritako karpa pean. Hiru egunez biñetaren mundua gerturatuko die azokak zaleei eta komikia erabateko protagonista izango da. Aurten, 63 salmenta postu aurkitu ahal izango dituzte bisitariek, Getxoko Kultur Etxeak adierazi duenez. Eta horietan izango dira, besteak beste, komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren artearekin lotutako sektore guztiak. Merkataritza gunearen batera batera, Getxoko Komiki Azokan jarduera ugari izango dira. Ohikoa denez, artista ospetsuak bilduko dira, horietako asko nazioartean ere ezagunak, eta hitzaldi eta aurkezpenetan ez ezik, sinatze-txandetan ere parte hartuko dute. Hain zuzen ere, Jordi Benet nazioartean izen handia duten sortzaile espainiarretako bat eta “Xabiroi” euskarazko komiki aldizkaria izango dira urtero egiten den omenaldiko protagonistak. Gaur izango da ekitaldia, 19:30ean. Ordutegiari dagokionez, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara (igandean 20:00etara) egongo da zabalik azoka. Sarrerak 1,50 euro balio du. Argazkian, zaletu ugari bildu ohi da Getxoko Komiki Azokan / © Getxoko Kultur Etxea.

Aurten, besteak beste, Kevin O'Neill ilustratzaile britainiarra egongo da Areetan, Alan Moore gidoigile famatuarekin batera "The League Of Extraordinary Gentlemen" sail ospetsua egin zuena. Halaber, Jordi Benet izango da azokan, nazioartean izen handia duten sortzaile espainiarretako bat; Benetek “Torpedo 1936” sailarekin lortu zuen ospea. Esan bezala, Bernet bera izango da azokan komikiaren munduko profesionalei urtero egiten den omenaldiko protagonista. Horretan, Ikastolen Federazioak sustatutako “Xabiroi” aldizkaria ere omenduko dute, euskarazko komikiak hedatzeko egin duen lanagatik. Horiez gain, gonbidatuen zerrendan izango dira, besteak beste, Emma Ríos, David Rubín, Sonia Pulido, Guillermo Zubiaga, Mamen Moreu, Bernardo Bergara eta Raquel Alzate. Komiki-erakusketak ere ez dira faltako. Hala, azokako karpan “Mafalda: 50 urte” erakusketa ikusi ahal izango da, Quino egile argentinarrak sortu zuen eta mende erdian hainbat belaunaldiri barre eragin dien pertsonaia hunkigarriari buruzkoa. Barrutiko beste erakusketa bat Emma Ríosen gainekoa izango da; Rios estatuko etorkizun handiko ilustratzailea bat da, azokaren aurtengo kartelaren egilea.

Euskal komikia ere gozatzeko aukera egongo da Guillermo Zubiagaren "Joanes edo baleazale euskalduna / Joanes or the Basque Whaler” lanaren inguruko erakusketaren eskutik. Trilogia hori euskal baleazale baten abenturei buruzkoa da, eta lehen euskal-amerikar komikia dela diote.

Zurrumurruen kontrako Estrategia

Bestalde, Getxoko XIII. Komiki Aretoak bat egin du Getxoko Udalak sustatzen duen Zurrumurruen kontrako Estrategiarekin, immigrazioari eta kultur aniztasunari buruzko zurrumurruei eta estereotipo negatiboei aurre egiteko. Bere jardueren artean, "Blanca, Rosita, Barcelona" Miguel Gallardok kultur aniztasuneko baloreak sustatzeko Bartzelonako Zurrumurruen kontrako Estrategiarako egindako komikiaren erakusketa ikusi ahal izango da karpapean. Komikia zurrumurruen kontrako bitartekoa da eta horretan Rosita, Espainiako jatorria duen Bartzelonako emakume erretiratu baten eta zaintzen duen Peruko neskaren bizipenak ikusten dira. Beren elkarrizketen bitartez hirira heltzen diren pertsona etorkinen, gizarte zerbitzuen, osasun sistemaren, merkataritzaren eta zergen ordainketen, bizikidetzaren, gune publikoaren eta lan munduaren inguruko zurrumurruak bertan behera utzi nahi dira. Miguel Gallardo egileak Getxoko Zurrumurruen kontrako Estrategiarekin bat egin berri du.

Gainera, duela bi astetik hona, Pernan Goñi ilustratzaileak gidatutako komiki tailerra egiten ari da, teknika eta horrek giza aldaketarako duen balioa ere lantzeko. Parte hartzaileek Komiki Aretoa bisitatu ahal izango dute, Pernan Goñik berak lagunduta.

Ildo berean, alor desberdinetako (Udaltzaingoa, Gizarte Zerbitzuak, Komunikazioa, Herritarrak Artatzea, Berdintasuna, Gazteria….) 30 bat langile une honetan zurrumurruen kontrako heziketa jasotzen ari dira, ondoren beraiek beren sailetara eta herritarrekiko harremanetan ideia erabilgarriak eduki ditzaten, immigrazioari eta kultur aniztasunari buruzko zurrumurruak bertan behera utz ditzaten.

Bidezko Merkataritza

"Te damos 10 razones para consumir Comercio Justo" da 10 komikilarik egindako lanaren erakusketaren titulua. Horixe datorren abenduaren 14ra arte bisitatu ahal izango da Gobela kiroldegian, XIII.Komiki Azoka dela eta. Gaur bertan, 19:30ean, "Cómic On Tour: Viñetas de Vida, con Intermón Oxfam" izeneko mahai-ingurua izango da David Rubínen eta Sonia Pulidoren partaidetzarekin. Cómic On Tour doako app bat da eta horren bitartez ilustratzaile batzuek lankidetza zer den azaltzen dute. Bi jarduera duela bi urte Getxo Bidezko Merkataritzaren aldeko Hiriaren izendapena jaso zuenetik egiten ari denaren artean kokatzen dira.

Askoz gehiago

Azkenik, Bizkaiko Zubian “Alvaroscopio”egongo da ikusgai, Alvaro Ortega sortzailearen unibertso bereziari buruzko atzera begirako erakusketa bat, pop estetikan oinarritua. Bertoko taberna eta kafetegi batzuetan zenbait lan ere ikusteko aukera egongo da. Horrez gain, argitaletxe eta egileek haien nobedadeak aurkeztuko dituzte Azokan eta hitzaldiak, mahai-inguruak eta komikiaren munduarekin zerikusia duten film labur eta dokumentalen proiekzioak egongo dira. Azkenik, azoka dela eta, Zine-Klub zikloan “Neuroworld” filma emango dute, Borja Crespo zuzendari bizkaitarraren lehen film luzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun