Euskal Herriko Bilgune Feminista sortu eta hamabi urte beranduago, oraindik orain "2002.urtean definitu genuen plan estrategikoa ardatz izanik, egin dugu bidea", Bilgune Feministak berak aitortu duenez, "baina Euskal Herria aldatu da, feminismoak aldatu dira, patriarkatuak forma berriak hartu ditu. Eta honen aurrean, gu, eta ordezkatzen dugun Euskal Feminismoak, gure helburua den Euskal Herriaren burujabetza feminista erdiesteko jarduna egokitzeko beharra sentitzen dugu". Hori dela eta, topaketari xedea jarri diote, burujabetza feminista horretaranzko "ibilbidearen edota trantsizioaren" oinarriak zehazteko eztabaida ematea, alegia. Jardunaldietara "Euskal Herri feminista eraiki nahi duten emakumeak" gonbitatu dituzte, "eremu anitzetan lanean diharduten eta haien jarduera feminista eremu horietan garatzen jarraitu nahi duten feministekin" batera.
Antolatzaileen arabera, honako hau da une egokia hausnarketa eta oinarri berriak finkatzeko. Besteak beste, "egiturazko krisiak" zein austeritate errezetek, "egiturazko neurri murriztaile guztiek, emakumeen etxeratzea eta familia heteropatriarkala indartzeko" helburua dutelakoan. Baita Euskal Herrian sumatzen duten "ziklo politiko berrian" jendarte eredu alternatibo bat eraikitzeko dauden aukerak eta oztopo berriak identifikatzea beharrezkoa delakoan ere".
Emakume Abertzaleen VI. Topaketa Feministen egitarua
• 9:00etan, sarrera.
• 10:00etan, ongi etorria eta eztabaidaren aurkezpena.
• 10:30ean, lantaldeetan eztabaidagai: "Kapitalismo heteropatriarkala Euskal Herrian. Zeintzuk dira aldaketa feministarako gakoak?".
• 13:00etan, ondorioak josiz.
• 14:00etan, bazkaria.
• 16:00etan, mahaiaren bueltan: "Trantsizio feminista: intzidentzia politikoa, estrategiak eta boterea(k)". Hizlariak: Ainhoa Etxaide Amorrortu LAB sindikatuko idazkari nagusia, Ana Murcia Guevara El Salvadorreko militante feminista, Idurre Eskisabel Larrañaga "Berria" egunkariko kazetaria, Josebe Iturrioz Lopez berdintasun teknikaria, Jule Goikoetxea Mentxaka politika irakasle eta idazlea, eta Saioa Iraola Urkiola Bilgune Feministako kidea.
• 20:00etan, eguneko ondorioen kontaketa eta ekitaldi irekia.
• 22:00etan, Jostorratzak dantzan! Festa feminista Euskabareta, Endemaño, DJ Gure Besta eta Las Marines-ekin.
Izen ematea
Antolakuntzak zabaldu duenez, topaketetan parte hartzeko izena eman beharra dago. Datuak webgunean sartu eta izen ematea egin ostean azalpen guztiak batzen dituen mezu bat iritsiko da formularioan zehaztutako emailera. Prezioa 15 eurokoa (otordua barne)izan arren, ez dute "dirua oztopo-muga izatea" nahi. Horren inguruan, otordu bereziren bat behar izatekotan, itzulpengintza behar izanez gero edo lotarako lekua edo haurren gunea behar izanez gero, aipatu beharko da.
Topaketetan euskara nagusi izango den arren, lantalde batzuk euskaraz eta beste batzuk gazteleraz izango dira. Bi hizkuntza horiek ulertu ez eta frantsesez mintzatzen direnentzat itzultzaileak egongo dira. Mahai inguru nagusian gaztelerara itzulpena egongo da. Bestalde, lo egiteko lekua izango da, aurretik adierazi gero. Etxelilan zaku eta esterilla eramandaz lo egiteko tokia utzi baitute. Azkenik, haurgune zerbitzua egongo da mahai inguru eta lan taldeek irauten duten bitartean. Bazkal orduan haurrek ama/ekin jango dute.
Topaketaren iragarkia (© Bilgune Feminista)