“Guztion laguntzarekin azaroaren 25a jendarte justuagoa eta indarkeria matxistarik gabea eraikitzen laguntzea nahi dugu, pertsona sentsibilizatu eta kritiko andana ekarriko duen hausnarketa pertsonal baten hasiera besterik ez izatea”, azaldu du gaurko aurkezpenean Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak. “Zatoz lilara” kanpaina getxoztar guztiei dago zuzenduta, “uste baitugu guztiok garela gai emakumeekiko indarkeriaren kontra borrokatzeko, nork bere eremu pertsonalenetik". "Oso bereziki, gazteengan eragin nahi dugu, estatistikek esaten dutelako indarkeria areagotu egin dela beraien artean”, gehitu du udal arduradunak.
Hainbat euskarri
Kanpaina lau jardueratan oinarritzen da. Alde batetik, aste honetan bideo bat zabaldu da hainbat gizarte sareren bitartez (Facebook, Tuenti, Twitter eta WhatsApp). "Bideo probokatzaile bat izan da eta horretan erasoak ekiditeko armadura baten erabilpena agertzen da", esan dute gaurkoan. Hemendik aurrera bideo osoa zabalduko dute, hurrengo ideiak nabarmenduz: “Eraso sexistak ez dira biktimen erantzukizuna, erasotzaileena baizik. Uste baduzu erasoen sexistetatik defendatzearen ardura emakumeen izatea bidegabea dela… Uste baduzu erasoekin amaitzeak ez duela esan nahi gorputzak babestu behar izatea… Zatoz lilara… Indarkeria sexistaren aurrean ez egon geldi, ekin!”.
Bestalde, datorren astean hainbat puntu lila kokatuko dira udalerriko toki batzuetan, esate baterako, Bizkaiko Zubian, Udal Euskaltegian, Fadura kiroldegiko igerilekuetan, Andra Mari kiroldegian, Portu Zaharreko Etxetxun, udalerriko hainbat merkataritzako establezimendutan, eta ohiko udal egoitzetan (udaletxean, San Nikolas liburutegian, musika eskolan…). Horiekin argazki bat ateratzera (selfies)eta ekimenaren Facebookera igotzera animatu nahi ditu Udalak herritarrak. Parte-hartzaileek eskumuturretako bat jasoko dute opari, "emakumeekiko indarkeriaren kontrako borrokarekin bat egiten dutela erakusteko". Puntu lilaren txapak ere banatuko dira eta jarduera jendeari begira garatzen dutenek eramaten animatu nahi ditu Udalak. Herritarren Harretarako Bulegoetan (HAB) egongo dira puntu lilak eta txapak, herritarren eskura. Gainera, adierazpen bat eramango dute udal batzarrera.
Webgune bat ere (pasatealila.getxo.net) indarrean izango da kanpainaren egunotan, eduki anitzarekin. Bertan, besteak beste, hurrengo atalak egongo dira: indarkeria sexistari buruzko galdetegia (egiten dutenek eskumuturreko bana jasoko dute); indarkeria matxistaren kontrako heziketarako eta informazio erabilgarrirako guneak; eta kanpainaren irudiak eta ekintzak.
Agenda
Aipatutakoekin batera, Udalak hurrengo jarduerak antolatu ditu. Batetik, asteazkenean, hilak 26, “Denuncias falsas : realidad juridica contra leyendas urbanas” izenburuko hitzaldia emango du Patricia Verdes Forum Feminista taldeko abokatuak. Hitzordua 19:30ean jarri dute, Algortako Villamonte kaleko kultur aretoan.
Bestalde, "Palabras" izeneko antzezpena eskainiko du Hika Teatroa taldeak, azaroaren 30ean (igandea), 19:30ean, Areetako Andres Isasi musika eskolan. Sarreraren prezioa 5 eurokoa izango da.
Udalak haurtzaindegi zerbitzua jarriko du, baina gutxienez bi egun lehenago eskatu beharko da berdintasuna[abildua]getxo.net helbidera edo 944 660 136 telefono zenbakira joz.