Leioa Kantika Koralak "Vampirabile" lana Bilbon aurkeztuko du igandean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 21a, 20:02

Sorgin iluntzea izango da igandean Bilboko Arriaga Antzokian. Izan ere, azaroaren 23an, iluntzeko 7etan, Leioa Kantika Koralak "Vampirabile" ikuskizuna eskainiko du bertan. Abesbatza leioaztarraren eta Karmina Silec zuzendari eta koreografo esloveniarraren arteko lankidetzatik sortutako proposamena da. Obran, abesbatzek egiten duten musika garaikidearen zazpi pieza eta haien arteko beste horrenbeste zubi eskainiko dira, herri sinesmenen, izaki misteriotsuen, sorginen… inguruko mitoak, tradizioak eta sorginkeriak bizitzeko eta gogoratzeko. Interpreteak beste munduko izaki gisa agertuko dira. Gaua erortzen denean biziberritu eta esnatu egingo dira, zenbait lanen bitartez, hainbat kulturatako sorginkeriak erakusteko. Horrela, abesbatza eta ahots musika, dantza eta narrazioa uztartuz, Leioa Kantika Koralak hainbat jatorritako tradizioak gogoratuko ditu, Esloveniakoa, begizkoaren eta sugeen haginkaden kontra babesteko, Groenlandiako eskimalena, elur ekaitzak urruntzeko eta eguzkiari deitzeko, Finlandiakoa “trollak” gerarazteko edo Euskal Herrikoa, magiaz betetako akelarrea, besteak beste. Argazkia: © Leioa Kantika Korala.

Hau da, elkarren artean urrun dauden eta desberdinak diren hainbat herrialderen antzinako mitoek eta sinesmenek, superstizioek eta tradizioek, elkarren artean zein gertu dauden erakutsiko digute, denon harridurarako. Tradizio horietako batzuk "Vampirabile" lanean ikusi eta entzun ahal izango ditugu, euskara, gaztelania, ingelesa edo esloveniera erabiliz, magiazko sorginkeriari deitzeko erabiltzen diren dialekto ezezagunekin batera. Horren guztiaren nahasketa da "Vampirabile", aldi berean osagai asko nahasten dituen ikuskizun ederra: mundu mitikoak, irudimena eta errealitatea, natura eta gizakia, sinesmenak eta esperientziak, itxaropenak eta beldurrak, boterea eta botere falta… eta askoz gehiago.

Leioa Kantika Korala benetako erreferentea da egungo abesbatzen panoraman, aurrera eramaten dituen programazio ausartengatik zein eszenan jartze zainduarengatik, eta umeen abesbatzetarako idatzitako musika berria eskatzeko eta estreinatzeko duen konpromisoarengatik. Orain, Basilio Astulez buru duen taldea Arriaga Antzokira helduko da, Karmina Silecen zuzendaritza artistikoa duen "Vampirabile" proiektuarekin.

Ikuskizunerako sarrerak 7-16 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan.

"Vampirabile" lanaren aurkezpena (© Leioako kontserbatorioa)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun