1953an Erandion jaio zen Alex Angulo oso gaztetatik ahalegindu zen antzezle izateko zuen borondate irmoa errealitate bilakatzen. 1981ean egin zuen lehenengo lana Imanol Uriberen eskutik, "La fuga de Segovia" filmean. Urte berean, Comicos de la Legua eta Karraka antzerki taldeetan hasi zen antzerkia egiten eta euskal antzerkigintza independentearen profesionalizazioan parte hartzen.
80ko hamarkadan ETB-ko hainbat programatan hartu zuen parte, baina hurrengo hamarkadan finkatu zen talde antzezle gisa. Garai hartako arrakasten artean "Todo por la pasta", edota Goya sarietarako lehenengo izendapena ekarri zion "El Día de la Bestia" (1995) aipa daitezke. Filma horretan protagonista izan zen lehen aldiz. Egin dituen lan azpimarragarrien artean, "A mi madre le gustan las mujeres" (2002), "El laberinto del fauno" (2006) edo Oscar Aibarrek zuzendu zuen eta Goya sariak irabazteko hirugarren izendapena ekarri zion "El gran Vazquez" aipa daitezke. 2010ean, Donostiako Zinemaldian Zinemira saria eskuratu zuen. Talde lanaren garrantzia goraipatu zuen ekitaldian.
Joan den uztailaren 20an, Gaizka Urresti zinegilearen esanetara "Bendita calamidad" film luzea egiten ari zela, auto istripu batean hil zen, Fuenmayorren (Errioxa), Logroñotik Zaragozarako bidean lanera zihoala. 61 urte zituen.
Erandioztarra izan eta Madriletik hainbatetan pasa arren, Alex Angulok Bilbo udalerriarekin izan zuen lotura estua, bai bizi zen Loruri auzoarekin, bai askotan ibiltzen zen Deustuko errepublikarekin, baita film laburren ikus-entzule leiala zenez Zinebiren edizio guztiekin ere. "Bertan beti erakutsi zuen bere xumetasuna eta ikus-entzuleekiko hurbiltasuna", festibaleko kideek gogoratzen dutenez. 2011n Arriaga antzokiko eszenatoki gainera igo zen, "La mujer del hatillo gris" lana dela eta, jaialdiaren 53. edizioak Espainiako Zinearen Sari Nagusia eman baitzion, Luis Trapiello zinegilearekin batera. Lan horren protagonistak Alex bera eta Aitana Sanchez-Gijon izan ziren. Jaialdiak bere historian ematen duen hil ondorengo lehenengo Ohorezko Mikeldi honekin, Zinebi 56k bere maitasuna helarazi nahi dio Alex Angulori, eta bere oroimena betirako gorde eta zabaldu nahi du.