Koldo Losada aktore getxoztarra zena etzi, astelehena, agurtuko dute. Elizkizunak arratsaldeko 7:30ean egingo dituzte, Algorta eta Neguri arteko mugan dagoen Loiolako San Inazioren elizan.
Besteak beste, doluminak agertu zituen atzo Imanol Landa Getxoko alkateak, Udalaren izenean. Landak bere egin zuen familiaren atsekabe handia eta nabarmendu nahi izan zuen 54 urteko getxoztarra "Estatu mailako arte eszenikoen pertsonai garrantzitsua" zela. Halaber, maitasun guztia agertu zion haren familiari. Halaber, Bilboko Udalak, udal aurrekontuak onartzeko atzo goizean izan zuen ezohiko bilkuran, minutuko isilunea gorde zuen zenduaren omenez. Talde guztiek sinatutako agirian, lagun eta senideei doluminak azaldu nahi izan zizkieten.
Eusko Jaurlaritzak ere "atsekabea" agertu du Koldo Losadaren heriotza "dramatikoaren" aurrean. Gasteizko Gobernuak goratu egin du aktoreak "zineman, antzerkian eta telebistan egindako ibilbidea", eta "denon memorian" izango dela adierazi du. Halaber, Losada "profesionaltasun eta malgutasun adibidea" zela esan du.