Zobaranek zein beste hiru zigortuek hamar eguneko epea izango dute helegiteak aurkezteko. Horrela jokatu ezean, behin betikoa izango da Aletxu Zobaran eta epaitutako gainontzeko kideen kontrako sententzia. Gerta ala gerta, Frantziako justiziaren kontuak kitatu ostean gorliztarra zein gainontzeko besteak Estatu horretatik kanporatuko dituzte.
"Berria" egunkariak zabaldu duenez, Ludovic Lestel fiskalak aitortu du Zobaran ETAko buruzagi militarra zenik esateko frogarik ez dela, ezta Oroz logistika arduraduna zenik adierazteko ere, Espainiako Gobernuak biak atxilotu zituztenean lau haizetara zabaldutakoari aurka eginez. Halere, fiskalak defendatu egin du Orozek "leku garrantzitsua" zuela logistikan. Are gehiago, Lestelen ustez biak atxilotzea eragina izan zuen ETAren jardun armatuaren amaieran. Bestalde, ETAk borroka armatua utziko zuela iragartzeko 2011ko urriaren 20an egin zuen adierazpena auzitan jarri du, lau auziperatuak "beren jardunera edo klandestinitatera itzultzeko aukera" sumatzen duela esatean.
Zobaran, Oroz, Labaka eta Saez de Jauregi 2011ko martxoaren 11n atxilotu zituzten Frantziako iparraldean. Zobaran Parisko La Sante espetxean izan ondoren, Lyon Corbas kartzelara eraman zuten. Bertan, hainbat borrokalditan parte hartu izan du bizi baldintza duinak aldarrikatzeko.