Getxoko Udaltzaingoak 36 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, igandea, bere bikotekide ohiarengana, 29 urteko andrea, gerturatzeko debekua ez betetzea egotzita. Tokiko arduradunek zabaldu dutenez, debeku-neurria betetzen zela zaintzen ari ziren udaltzainek babestutako biktimaren etxebizitzatik 300 metro baino gutxiagora zegoenean atxilotu zuten gizonezkoa. Gaineratu dutenez, inputatuak bigarren aldiz hautsi du urruntze-agindua hamar egun baino gutxiagoko epean;
joandako ostiralean, hilak 14, atxilo eraman baitzuten egintza berdinengatik. Getxoko Guardiako Epaitegira eraman dute gizona. Aurrekoan gauza bera egin zuten udaltzainek. Gogoratu, bihar, azaroak 25, aldarrikatuko dutela Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna. Besteak beste, genero indarkeriaren aurkako konzentrazioa izango da Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, 19:30ean, Gizatiar emakume taldeak antolatuta. Bestalde, ekintza ibiltaria eta ekitaldia izango da Telletxen, 19:30ean, Algortako Bilgune Feministak antolatuta. Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladak, berriz, 20:00etarako deitu du manifestazioa, Santa Eugenia plazatik. Argazkian, iazko azaroaren 25ean 50 bat lagunek egin zuten kontzentrazioa Algortako Telletxe plazan Bilgune Feministak deituta.