Bost lagun atxilotu dituzte asteburuan droga saldu, mozkor gidatu edo borrokatzea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 24a, 18:21

Ez dirudi Erandioko ertzain-etxeko agenteek eta tokiko hainbat udaltzainek aspertzeko denborarik izan dutenik asteburu honetan. Droga saldu, mozkor gidatu edo borrokatzea egotzita, bost lagun atxilotu dituzte. Besteak beste, udan abiatutako ikerketari jarraiki, Ertzaintzak 30 eta 39 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte, Leioan daukaten tabernan haxixa saltzen zutelakoan. Hain zuzen ere, ostalaritza establezimenduaren jabea identifikatzen ari zirela, hark ihes egin izanak "behartu" zituen poliziak ostiral arratsaldean lokalean sartzera, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldu duenez. Aipatu iturrien arabera, barruan zirela, tabernaria haxix zati bat eskuartean zebilela ikusi zuten ertzainek. Eta bezeroek ere substantzia horren kopuru txikiak bazituzten, ustez aurretik bertan erositakoak. Tabernan egindako miaketan doitasun-balantza, saltzeko prest zeuden haxix zatiak, dirua eta su-arma topatu ei zituzten agenteek. Hori dela eta, tabernaria, 39 urteko gizona, atxilotu zuten. Ihes egin zuen 30 urteko gizonezkoa, establezimenduaren jabea, larunbat goizaldean atzeman zuten. Leioatik alde egin barik, udaltzain bik A.A.G. 27 urteko leioztarra harrapatu zuten herenegun, 20:30ean, kalean bertan drogekin trafikatzen zebilelakoan.

Udalak zabaldutako bertsioaren arabera, Aldapa kaleko hirugarren zenbakiko barruko plazan ziren gazte bi jarrera susmagarrian ikusi zituzten udaltzainek. Gazteek poliziaren presentzia nabaritzerakoan banatu omen ziren, bata alboko atari batetara sartzen ahaleginduz eta bestea ihes egiten. Udaltzainek atarian sartzeko asmoa zuen gaztea hartu zuten eta gainean zeraman materiala atxikitu zioten: marihuana kukuluen 47 gramo inguru, zazpi poltsa termozigilatuak paketeak egiteko, "Myco" markadun doitasun-balantza eta marihuana zeukan poltsa termozigilatua. Objektu horiek ikusita, A.A.G, 27 urtekoa eta Leioako bizilaguna atxilotu zuten, osasun publikoaren kontrako delitu bat egotzita.

Alkoholemia

Bitartean, Getxoko Udaltzaingoak auto baten gidaria atxilotu zuen larunbat goizean, bide segurtasunaren kontrako delitu bat egotzita. Baimendutakoa baino lau aldiz handiagoa zen emandako alkohol-maila, udal iturriek aipatu dutenez. Atxiloketa 09:30 aldera izan zen, 28 urteko gizon batek gidatutako ibilgailua Algortan barrena zebilela, abiadura handiz. Udaltzainek, zirkulazioaren segurtasunerako ibilgailuak zekarren arriskua ikusita, autoa berehala geldiarazi zuten. Gidaria edari alkoholikoen menpe zegoenaren seinale argiak ikusi zituzten. Alkoholemia-proba egin zioten eta horretan autoarekin ibiltzeko baimendutako maila baino lau aldiz handiagoa eman zuen. Polizia-eginbideak burutu eta Getxoko Guardiako Epaitegira bidali zituzten, epaiketa azkarreko prozeduraren bitartez.

Borroka

Azkenik, atzo goizean 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Erandion Ertzaintzak, diskoteka batean izandako borrokan gazte bat edalontziarekin kolpatu zuelakoan. Aurpegian ebakia egin omen zion horri. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, 06:00ak igarota jaso zuen abisua Polizia Autonomikoak. Patruila diskotekara heldu zenean bertan zegoen oraindik ustezko erasotzailea. Identifikatu eta atxilo eraman zuten. Zaurituari dagokionez, bertan artatu arren, ospitalera eraman behar izan zuen anbulantziak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun