21208
Eider Uruburu bilbotarra Parisen atxilotu zuten, bere lagun
Aletxu Zobaran Gorlizko preso politikoaren epaiketara joan zenean. Bikotekidea ikustea lortu bazuen ere, hurrengo egunean, ostiralean, Poliziak atzeman zuen. Lurralde frantsesean egotea debekatuta zeukan Uruburuk eta Poliziak atxilotu ondoren, epaileak zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion,
Naiz.info agerkariak bere abokatuaren ahotik baieztatu duenez. Ostegunean, Etxebarrietan, elkarreratzea deitu dute 19:30ean. Uruburu 2010eko urtarrilean izan zen atxilotua Estatu frantsesean. Aurtengo maiatzaren 22an berreskuratu zuen askatasuna, Lyongo Corbas espetxetik irten eta gero. Urduñan bizi zen Aletxu Zobaran gorliztarrari dagokionez, zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion Parisko epaitegi bereziak, ETA erakundeko kide izatea frogatutzat jota, joan den asteko epaiketan. Egun, Lyon Corbas kartzelan daukate. Argazkian, larunbat eguerdian dozenaka lagun batu ziren Urduñan epaiketa salatu eta Zobarani sostengu emateko / cc-by-sa Josu Ganzabal - Aiaraldea.com.