Euskara Jendea zikloaren laugarren saioa gaur Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 27a, 12:28

Aro modernoan Frantzia eta Espainiako mugen finkapenak euskararen komunitatea bi estatutan banatzeak eragindako ondorioak ikusi ahal izango dira gaur, osteguna, Euskara Jendea zikloaren laugarren dokumentalean. Baita euskara gutxiagotze-prozesuan sartu zela ere. "Mugetan gaindi" izenburupean, ikus-entzunezko lana Algortako Villamonte kaleko kultur aretoan izango da, 19:30ean hasita, Getxoko Udalak antolatuta. Proiekzioaren iraupena 40 bat minutukoa da eta, amaitutakoan, solasaldia egingo dute, Hibai Castro dokumentalen zuzendariaren partaidetzarekin. Sarrera doakoa da. Azaroaren 6an hasita, orotara, euskararen jatorriari buruzko Euskara Jendea zikloaren sei proiekzio izango dira Villamonten, abenduaren 11ra arteko ostegunetan. Egun bakoitzean euskararen historiaren garai desberdinen berri emango da, bere jatorritik egungora arte. Argazkian, Hibai Castro dokumentalen grabaketa lanetan / © Euskara Jendea.

Geratzen diren saioak:

- Azaroak 27. "Mugetan gaindi" proiektatuko da. Horretan aipagai izango da Frantziak eta Espainiak mugak finkatzeak euskararen komunitatea bitan banatzea eragin zuela, ondorioz gutxiagotze-prozesuan sartuz. Horrekin batera, baleazaleak eta itsaso arteko bidaiek ekarri zituzten bitxikeriak ere ezagutu ahal izango dira.

- Abenduak 4. "Gerren arteko pizkundeak" izeneko dokumentalak erakutsiko du Iraultza Frantsesak eta Foruak galtzeak hizkuntzaren beste atzerakada bat ekarri zutela. Hala ere, XX. mendearen hasieran euskarak beste berpizkunde txiki bat izan zuen kultur mugimendu erromantikoari esker.

- Abenduak 11. "Mundua osatzen" azken dokumentala izango da eta horretan 36ko gerrak eta frankismoak eragindako urte ilunak aipatuko dira eta baita hemendik aurrerako erronka berriak eta hainbat klabe ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun