Ohikoa denez, Euskararen Nazioarteko Egunean berbodromoa egingo dute Erandion. Ekimen horrek hirugarren edizioa du aurtengoa. Bada, Altzagako azako zaharrera bertaratutakoak tokian tokiko zein egunerokotasuneko gaien inguruan solastuko dira mahai baten bueltan, eta gaiak aldatu ahala taldeak ere egokitzen joango dira, udal iturriek zehaztu dutenez. Bukaeran txokolate beroa eta bizkotxoak dastatzeko aukera izango dute. Gainera, parte hartzaileek Urko Aristi eta Reyes Prados telebista aurkezleak zein Ines Osinaga Gose taldeko abeslariarekin esperientzia zein iritziak trukatzeko aukera izango dute. Saio bukaeran, pertsonaia ezagunekin argazkiak ateratzeko abagunea izango da, horretarako bereziki prestatua egongo den photocallean. Dinamika goizeko 10:00etan hasi eta 11:30erako amaitua izatea aurreikusten da. Altzagako azoka zaharrera gerturatuko diren gehienak euskaltegi zein institutuetako ikasleak izan arren, deialdia irekia dela argi utzi nahi izan du Euskara Zerbitzuak, edonori zuzendua dagoela birgogoratuz.
Bertso txapelketara doan
Bitartean, Berbotsek gogoratu du aurten Bizkaiko bertsolarien txapelaketa jokatzen ari dela. Larunbatean Iratxe Ibarra finalerako sailkatu zen Etxebarrin, eta igande honetan Urdulizen beste finalaurreko bat jokatuko dute: "hortxe Etxaun Lekue egongo da: barikuan Erandio Goikoako saioan (ostiralean), animatu ahal dugu", nabarmendu dute euskara taldekoek. Larrabetzuarrarekin batera, Beñat Ugartetxea, Gorka Ostolaza, Julen Erezuma, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia lehiatuko dira Iparralde kiroldegian, 17:30etik aurrera.
Eta finala abenduaren 20an, larunbata, Bilboko Bilbao-Arenan (Miribillan) izango da 17:30ean. Hain zuzen ere, Berbotsek finalerako sarrera bi dauzka zozketatzeko. Horretan parte hartu nahi duen guztiak ondokoak egin beharko ditu: bere buruari (bakarrik, lagunarekin, taldean…) argakia egin, “Euskarak, 365 egun” kartelarekin; euskararen aldeko mezua bidali; eta bere izena jarri eta dana emailez bidali berbots[abildua]gmail.com helbidera.
Bidaltzen duten guztien artean, abenduaren 3an, Astrabuduko Josu Murueta plazan 19.00etatik aurrera egingo duten ekitaldian zozketa egingo dute. Argazkiak aste honetan zehar bidali behar dira eta jasotzeko azken eguna abenduaren 1a, astelehena, izango da.
Mosaikoa
Bestalde, aurten ere mosaikoa osatu nahi du Berbotsek, “Euskarak, 365 egun” kartela eskuan, argazkia bidaltzen duten lagunekin. "Gainera sariren bat eskuratu ahal izango duzu, zortea izanez gero!", gaineratu dute.
Euskararen Eguna Erandion