Ostiral honetan, azaroak 28, euskal musikagintzaren izen handi bat izango dute Sopelan. Mikel Markez kantautoreak “Indar bat dabil hor” bere azken lana aurkeztuko du Kurtzio kultur etxean, 20:00etatik aurrera. Sarrerak hiru euroan salgai dago.
Abenduaren 3an izango da programazioaren egunik handiena, Euskararen Nazioarteko Eguna, eta lehenengo aldiz, Sopelako Mintzodromoa ospatuko da. Udal pilotalekuan eremu, jatorri eta adin ezberdinetako sopeloztarrak elkartuko dira, mahai baten bueltan, euskaraz hitz egiteko. Horren helburua euskaldunen harreman sareak handitzea izango da, udal iturriek nabarmendu dutenez. Mahai batzuk jarriko dira, kafe eta pastatxoekin, eta dinamizatzaileek hainbat gai proposatuko dizkiete solaskideei, 19:00etatik aurrera.
Bertsoak, musika eta antzerkia
Hurrengo egunean, abenduaren 4an, beste ekintza azpimarragarri bat izango dute, kasu honetan Kurtzio Kultur Etxean: “Ez da kasualitatea" bertso-saio musikatua. 19:00etatik aurrera. Saio horrek umorea, jolasa, gogoeta, emakumeen arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartuko ditu. Bertsolariak Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Alaia Martin eta Jone Uria algortarra izango dira. Gai jartzailea, Amaia Agirre; eta musikariak, Igor Arruabarrena (gitarra) eta Gari Otamendi (biolina). Sarrera debalde izango da
Azkenik, abenduaren 5ean, 19:00etan, Tartean Teatroa / Ez Dok Hiru Bikoteatroa konpainien "Lingua nabajorum (euskararen historia txoroa)" lan ezaguna izango dute Kurtzio kultur etxean. Mikel Martinez eta Patxo Telleria dira protagonistak, eta euskararen historia modu ero batean ezagutzeko aukera egongo da. Sarrera, 3 euroan.
Urtero legez, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da han eta hemen, eta hamaika ekitaldi ospatuko dira Euskal Herriko eta nazioarteko txoko ezberdinetan. Sopelan ere, "urte osoan zehar euskaraz bizi gura" duten arren, aste honetan programazio berezia izango dute, "urte osoan egindako lana isla dadin". Udal iturrien arabera, egun hori ospatzeko eta aldarrikatzeko, azken urteotako programaziorik oparoena izango dute: kontzertuak, dantza, bertsolariak… eta abenduaren 3an, orain arte Sopelan izan ez duten jarduera bat, beste herri batzuetan arrakasta handiz ospatutakoa: mintzodromoa. Bitartean, iganderako (azaroak 30) programatuta zegoen “Itsasoaren emazteak” dantza, antzerki eta musika ikuskizuna bertan behera geratu da, "Urko kiroldegiko arazo teknikoak direla eta". Egitaraua bihartik abenduaren 5era arte izango da. "Baina ez ahaztu, euskararen egunak urteko 365 egunak direla!", adierazi dute tokiko arduradunek. Argazkian, Getxo udalerrian urtero egiten dute berbodromoa / cc-by Egizu Getxo Euskaldun!