Viñalesen bertan bada ipuinetako etxe bat. Ez da karamelozkoa, baina gozoa da, bai. Ez da bertan sorginik bizi, sorginduta dago etxea bera, eta haranera begira zabalik ditu beti leihoak eta ateak. Bertan egon denak badaki, mila aldiz bueltatuta ere, egunero gutxienez abentura bat biziko duela eta, akaso, iluntzearekin auzo osoa bilduko duen gau magikoa ere inprobisatuko dela. Tartean dirurik ez, gozamena eta lagunartea da helburua.
Ipuinen eta txisteen arteko alde gutxi: dena da "cuento" Kuban, eta ipuinak biltzen onena dugu Miguel Angel, argitaletxerik gabeko liburuan jaso ditu hainbat. Bertan irakurri dugunez, Emeterio zaharra, herriko azken ipuin-kontalaria, pasadizuak kontatzen abila zen; gazte jendea sarri hurbiltzen zen bere etxera, ipuin berriak entzuteko irrikaz. Miguel Angelek inguruotako baserritarrengandik jasotakoek, oiloak, txakurrak eta mandoak protagonista dituzte maiz ("La Mora", a zer mandoa!). Ipuinak dira, jendeak kontatu ahala eta mintzatu bezala jasotakoak. Viñalesen errealismo magikoaren laginak ez dira falta: egun batean esnatu eta Miguelekin "Mogote" karstikoetara abiatuko gara, mendian bizi ziren "Los Acuaticos" –uraren botere magikoan sinesten zuten fededunak– ezagutzera.
Deisy eta Miguel kultura eta liburu artean haziak dira, eta iraultzaren ametsa norberarengandik hasten dela jakitun heziak. Adriana eta Malena gazteak, berriz, dantzazale amorratuak dira, euren doinura dantzatzen duten ehun lagun bildu dituzte flauta magikoa balute… Iraultza bizirik dago bertan, ez museo batean, eta hau dantzatu daitekeen iraultza da.
Ipuin hori benetakoa da, Ventana al Valle du izena eta asteburu honetan Abadiñon izango dugu aukera, distantzian bada ere, ezagutzeko. Nire bizitzaren zati bat da jada eta ezagutzera nahi zaituztet gonbidatu: bertaratu eta, ondorioz, nahi baduzue, agian, seguruenik… zuen bizitzaren parte ere bihurtuko da.
Jabi Zabala kazetari gorliztarrak atzo Sarean.com bere bitakoran argitaratutako artikulua