Presoen aldeko gala ospatuko du gaur Sopelako Sekeko gaztetxeak, hirugarren urtez. Gaztetxeko asanbladak azpimarratu duenez, gatibu sopeloztarrak "urrun egon arren gure babesa eta beroa sentitu dezaten" da ekimenaren xedea. Ildo horretan, eskualdeko eta Euskal Herriko eta makina bat herritan bezala Etxerat elkarteak hileko azken ostiralean Sopelako udaletxe plazan deituta duen elkarretaratzean parte hartzera deitu dute gazteek. Iluntzeko 8etan izango da hori. Kontzentrazioa amaituta, herritik zehar arituko dira musikatutako poteoa dela medio. 22:30etik aurrera, Sekeko gaztetxeak hartuko ditu ekimenak, hurrenez hurren, galaren ekitaldia bera, herriko tabernariek egindako pintxoen dastaketa librea eta presoei postalak bidaltzeko propio egingo den photocall-a. Horren ostean, gau osoan zehar musika eta hainbat ezusteko izango dira, Sekekoko kideek iragarri dutenez. Eguna heldu bitartean bi ohar egin dituzte gaztetxeko partaideek. Alde batetik, ospakizunerako bakoitzak dituen trapurik onenak bilatu eta 28an janzteko eta, beste aldetik, gau horretan entzungo den musika guztien gustukoa izan dadin hurbiltzeko asmoa duen lagun bakoitzak abesti bi proposa ditzala eskatu dute. Horretarako, sekekogaztetxea@gmail.com posta elektronikora idatz daiteke. Argazkian, Sopelako Etxeratek euskal presoen alde egindako mobilizazio bat.