Palestinaren aldeko bilera izango da gaur Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 28a, 05:27

Gaur, arratsaldeko 7etan, Gazaren blokeoari eta Palestinaren aurkako errepresioari amaiera emateko nazioarteko kanpainaz arituko dira Itzubaltzeta / Romoko kultur etxean. Langileen eta Herrien Aliantzaren Aldeko Batzordeak (CATP) deitutako bilera irekian, besteak beste, Biladi Palestinarekiko elkartasun elkarteak hartuko du parte. Bertan, blokeoa apurtzeko bidean egin daitezkeen ekimenak izango dituzte hizpide. Bitartean, azken asteotan, kanpainak babes berriak bildu ditu Aljerian, Langileen Alderdia erakunde troskistak eta Aljeriako Langileen Batasun Nagusia sindikatuak bat egin dutela Gazaren blokeoa apurtzeko deiarekin. Gogora ekarri dutenez, Israelek zerrendan egindako azken sarraskiak 2.150 hildako, 12.000 zauritu, eraitsitako 20.000 etxe eta 200.000 langabetu eragin zituen. CATP erakundea 2012ko azaroaren 10ean eratu zen, Madrilen burututako Estatu espainiar mailako langileen konferentzian. Bertan, 125 sindikalista eta zenbait eragiletako ordezkari batu ziren, xede nagusitzat beharginei fidela izango zaion ordezkaritza politikoa sustatzea jarri zutela. Era berean, langileen eskubide sozialak eta herrien nazio eskubideak defendatzea hartu ditu erakundeak zeregin gisa. Argazkian, gazatar bat zauritutako umea ospitalera eramaten pasa den uztailaren 8an / cc-by Basel Yazouri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun