Euskal preso politikoei hezkuntza eskubidea bermatzeko aldarria Eusko Legebiltzarrera eraman zuen Etxerat elkarteak, pasa den asteazkenean. Ainhoa Larramendi Muxikak eta Lourdes Rodriguez Landa sopeloztarrak burutu zuten Hezkuntza Batzordeari pasa den urriaren 29an eskatutako agerraldia. Bertan, 2003tik aurrera presoei Euskal Herriko unibertsitateetan euskaraz ikasteko eskubidea "urratzen" zaiela eta ikasketak egiteko "traba" handiak dituztela salatu zuten Etxerateko ordezkariek. Izan ere, 2003ko maiatzean Espainiako Kongresuak Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 56. artikulua aldatu zuen. Horren arabera, ordutik aurrera, soilik Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzarekin hitzarmena duten unibertsitateak daude baimenduta Espainiako kartzeletan diren presoei klaseak emateko. Hortaz, EHUn ikasten zuten presoek aukeratu behar izan zuten, UNED Urrutiko Hezkuntzarako Espainiako Unibertsitatera sartu ala karrera utzi. Gainera, UNEDek ez die euskaraz titulaziorik eskaintzen. Argazkian, ezkerretik eskumara, EH Bildu taldeko Estitxu Breñas Hezkuntza Batzordeko burua, Larramendi eta Rodriguez / © Eusko Legebiltzarra.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!