Euskararen Nazioarteko Eguna ofizialki abenduaren 3an jarrita dagoen arren, bihar, larunbata, ospatuko dute Barrikan. Horrenbestez, 18:00etan hasiko dira tokiko Jai Batzordeak eta Udalak antolatutako ekitaldiak, frontoian, Lastima Teatro taldearen disko-festaren bitartez. Familiako kide guztientzako ekitaldia izango da hori, agintari barrikoztarrek adierazi dutenez. Ordu eta erdi beranduago, berriz, txokolatada herrikoia egingo dute. Amaitzeko, 20:00etan, Mikel Uraken abeslariak eskainiko du kontzertua, nagusien etxeko tabernan. Uribe Kostako Mankomunitateko beste hainbat udalek ere plazaratu dute jada Euskararen Egunera begirako egitaraua. Besteak beste, lehendabiziko aldiz izango dute mintzodromoa Sopelan, beste askoren artean. Urdulizen, berriz, abenduaren 3rako utzi dituzte ekitaldiak: 16:30etik 18:30era, disko-festa, txokolatada eta "2015erako euskararekiko konpromisoak" izango dira Elortza eskolako aterpean. Eta Lemoizen astelehenetik asteazkenera izango dira ospakizunak. Argazkian, Mikel Uraken abeslariak emanaldia eskainiko du Barrikan / cc-by-nc-nd Dena Flows.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!