
Ohiturari eutsiz, igande honetan, azaroak 30, San Andres erromeria tradizionala ospatuko dute Sopelako izen bereko baselizan. 11:00etan kalejira hasiko dute udaletxetik tenpluraino. Bertan, meza egingo dute 12:00etan, eta horren ostean, ohorezko aurreskua, hamaiketako herrikoia eta erromeria izango dira, 12:30ean. Auzokideek baselizara heltzeko erraztasunak izan ditzaten, Sopelbusek zerbitzu berezia izango du. Udal iturriek zehaztu dutenez, baselizarako bidaia egiteko ordutegi bi egongo dira: 11:00etan eta 11:30ean. Urbaso aurreko autobus-geltokitik irtengo dira autobusak, eta geldialdi bi egingo dituzte: San Pedro elizaren aurrean eta Larrabasterrako Zutarri tabernaren aurrean. Bueltarako, 13:30ean eta 14:00etan irtengo dira eta ibilbide berbera egingo dute, alderantziz. Baina, Sopelan ez ezik, Barrikako Goierri auzoan ere ospatzen dute San Andres eguna. Horrenbestez, 11:00etan meza egingo dute baselizan. Ondoren, 11:45ean, Aita Gotzon abesbatzak emanaldia eskainiko du. Horren ostean, 12:15ean, Itxaso Paya eta Joanes Igeregi bertsolariak arituko dira, eta bukatzeko, hamaiketako herrikoia izango da. Goiz osoan nekazaritza postuak egongo dira frontoi txikian. Argazkian, Sopelan San Andres eguna ospatzen / © Sopelako Udala.