Gainontzeko alderdi politikoek atzoko osoko bilkuran Leioako EH Bilduren proposamena ez babestu izana deitoratu du Fullaondok. “Bakarrik geratu gara. Egia da PSE eta PP-k proposamena onartu zutela hasiera batean, baina azkenean atzera egin dute. Ondorioz, mesede egin die Eneko Arruebarrena eta Jon Loizagari. Beste behin ere, nabarmen gelditu da EH Bildu dela, eta izan dela, Pinosolo kasua amaieraraino eramateko prest dagoen talde politiko bakarra". Koaliziokoek, baina, ez zuten ezagutzen prentsaurrekoa ematerakoan PPk emandako pausua.
EAJren jokabideari dagokionez zera adierazi du EH Bildukoak: "PNVk isiltasun legea ezarri izan du. Deituta izan diren EAJko karguak eta kargu ohiak ez dira deklaratzera joan. Arruebarrena eta Loizaga barne. Hau erakusten du gardentasunarekin duten konpromiso eza". Halaber, Ana Oregi Garraio sailburua eta Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoren zuzendaria Eusko Legebiltzarrean agertzea eskatu du koalizioak, "gure ustez ustelkerian murgilduta dagoen pertsona batek berak okupatzen duen karguarekin inkonpatiblea delako".