Gobela ikastolak jasoko du Argia Ereiten Saria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 28a, 20:50
Neguri aldeko Gobela ikastolak jasoko du aurten Getxoko Udalak euskararen gizarte erabilera babestu, sustatu edo hedatzeko sustatutako Argia Ereiten Saria. Aipatu hezkuntza zentroak 2015ean beteko ditu 50 urte eta sariak denbora horretan guztian euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana goraipatu nahi du, tokiko agintariek adierazi dutenez. Urtero bezala, Luis Artola artisauak egindako egurrezko eskultura izango da saria eta hori emateko ekitaldia asteartean (abenduak 2) izango da, 20:00etatik aurrera, Algortako Fadura kiroldegiko batzar aretoan. Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan eman ohi du Argia Ereiten Saria Getxoko Udalak. Euskal Kulturaren Jardunaldien (pdf) barruan, alegia. Hain zuzen ere, aipatu egunerako antolatutako ekitaldien barruan, Andres Isasi bandako 45 musikariek eta Getxoko Aixerrota institutuko 32 ikaslek Berbabanda ikuskizuna eskainiko dute, 19:30ean, Areetako musika eskolan. Bitartean, Bizarra Lepoan, Topagunea, UK, Egizu eta UKBERRI.NETek kalejira eta bideo baten proiekzioa antolatu dute, Euskarak 365 egun ekimenaren barruan. Kalejira 19:00etan hasiko da Telletxen. Argazkian, Gobela ikastolako ume eta irakasleak / © Getxoko Udala.
Euskararen erabilera urteko egun guztietan sustatzea bultzatzen du Euskarak 365 egun ekimenak. Kalejira 19:00etan hasiko da Telletxen eta San Nikolas plazara abiatuko da. Bertan, ordu erdi geroago, "Euskarak 365 egun" izeneko bideo-muntaia proiektatuko da. Udalerriko hainbat elkartetako, heziketa zentrotako eta gizarte-ekimenotako kideek euskararen alde esandakoak agertuko dira horretan.

Udal, AEK eta Jose Antonio Agirre euskaltegietako 100 bat ikaslek ere ospatuko dute eguna. Goizez, Algortako taberna batean elkartuko dira gosaltzeko eta aurretik prestatutako abestiak kantatzeko. Arratsaldez, Euskarak 365 egun ekimenean hartuko dute parte.

Getxo udalerriko ikastetxe eta institutuek ere jarduerak egingo dituzte euskararen gainean. Ekintza horietako askok abenduaren 3a izango dute ardatz. Esate baterako, Andra Mari ikastetxea, Azkorri, Geroa ikastola eta, Aixerrota, Fadura eta Romo institutuek hainbat jarduera izango dituzte, horien artean irrati saioak, kirol jarduerak, horma-irudiak eta abar. Beste zentro batzuetan, ospakizuna aste osokoa izan da edo izango da, hala nola Julio Caro Baroja (Getxo I) institutuan, Larrañazubi, Romo eta San Ignazio ikasetxeetan. Besteak beste, hitzaldiak, ipuin kontalariak, dantzak, txangoak eta abar izango dira.

Baina, aurretik, egongo da zertaz gozatu. Bihar,, larunbata, izango baita Nazioarteko Trikitixa Jaialdia, 19:30etik aurrera, Andres Isasi musika eskolan. Bertan, ondoko trikilariak arituko dira: Niamg Ní Charra and Daoirí Farrel (Irlanda), Timmi Turmel et Christian Nolet (Quebec), Edurne Iturbe eta Oihana Irastorza (Euskal Herria), eta Ines Osinaga (Euskal Herria) Gose taldeko abeslaria. Sarrera 8 eurotan egongo da. Ondoren, Cloverwind taldeak joko du Algortako Ekin tabernan.

Gobela ikastola

Gobela ikastola 1965ean hasi zuen bere ibilbidea guraso batzuek adin desberdineko 11 neska eta mutilen taldea osatu eta beren heziketa euskaraz izateko lan egiten hasi zirenean. Pedagogia ikuspegitik, irakaskuntza berritzailea abiatu zuten eta aldi berean, euskal kultura bultzatzeko ahaleginak egin ere, une horretan heziketako (materialen faltagatik), gizarte eta politika mailetan zailtasun handiak izan arren. “Areetan ez zegoen euskaraz hitz egiteko ohiturarik eta zailtasun handiak zeuden. Gurasoak ibili ziren irakasleen bila, baita etxez etxe umeen bila ere. Niri irakasle izateko esan zidatenean Irakaskuntza ikasketak amaitzen ari nintzen. Gaztea nintzen, eta urduritasun handia sentitu nuen, erantzukizun handia zelako, baina baietz esan nuen berehala”, gogoratu du Maria Nieves Andrakak, 1969an ikastolan lanean sartu zen eta gaur egun erretiratuta dagoen andereñoak.

Etxez etxe ibili eta Itzubaltzeta / Romoko elizako sotora joan ondoren, 1968an Gobela kalean txalet bat alokatu zuten eta, gainera, urte horretan legeztatua izatea lortu zuten, Gobela ikastola izenarekin. “Presio handia jasaten genuen, baina beste alde batetik, gurasoen eta herriaren laguntza handia izan genuen. Beste herri batzuetan antzeko egoeran zeuden beste ikastola batzuekiko elkartasuna eta kolaborazio handia zegoen”, gehitu du Andrakak.

1971n Hezkuntza Erreforma heldu zen eta horrekin batera EGB indarrean sartu zen. Horren ondorioz, Gobela ikastola San Nikolas ikastolako eskumendeko bihurtu zen, 1980ra arte. Gero eta ume gehiago zeuden. Horregatik urte horretan Artatza auzoko eraikin batera joan ziren eta EGB osoa ematen hasi ziren. 1993an publiko egiteko prozesuaren ondorioz, banaketa egon eta Betiko ikastola geratu zen eraikin horretan. Bi urtez, Artatza eskolarekin instalazioak partekatu ondoren, egungo kokapenean lekutu zen Gobela ikastola publikoa, hau da, Neguriko Goierri kaleko 4. zenbakian.

Gaur egun 2 eta 12 urte bitarteko 208 ume ikasten ari dira zentroan, 17 irakasleren gidaritzapean eta jantokiko 12 begiralerekin. Toki ezak oztopatzen du ikasle gehiago matrikulatu ahal izatea, eta egun dauden gehienak edo ingurukoak edo urteetan zehar bertan ikasi duten ikasleen seme-alabak dira.

Gurasoen inplikazioa

Gobela ikastolako ikasleen gurasoen inplikazioa izan da beti zentroaren ezaugarrietako bat, bai hasierako urte gogorretan zehar, bai orain, Carmen Garcia egungo zuzendariak nabarmendu duenez. “Ni beste zentro batzuetan ere izan naiz, baina egia da hona heldu nintzenean gurasoen inplikazioa eta partaidetza handia dela konturatu nintzela eta horixe komentatzen dugu berton lanean ari garenok”, dio. Ildo horretan, esan behar da Txatxalin gurasoen elkartea arduratuko dela datozen hilabeteotan 50. urteurrena ospatzeko jarduerak antolatzeaz. Informazio gehiago: Facebookeko Gobela Ikastola 50. urteurrena helbidean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun