Ertzaintzak 24 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Getxo udalerrian, genero indarkeria delitua egotzita. Eusko Jaurlaritzaren
Segurtasun Sailak dioenaren arabera, bikotekide ohiaren etxera sartu zen gizona eta emakumea erasotu egin zuen. 13:00ak aldera jaso zuen abisua Polizia Autonomikoak. Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, biktimak oihuka laguntza nola eskatzen ari zen entzun zuten bertaratutako ertzainek. Baina, deika eta deika ibili arren, inork ez zienez zabaltzen; atea bota behar izan zuten. Dagoeneko barruan, gainera joan omen zitzaien poliziei ustezko erasotzaileak. Hori dela eta, mendean hartu behar izan zuten gizona. Ertzainek anbulantzia ere deitu behar izan zuten, emakumea Gurutzetako ospitalera eraman zezan: bekainean zauria zeukan eta, ondorioz, aurpegi guztia odoleztatuta. Polizia iturriek diotenez, bi ertzainak ere artatu behar izan zituzten sanitarioek. Gaur goizean eraman dute epailearen aurrera 24 urteko gizonezkoa. Argazkian, emakumeenganako indarkeriaren kontrako elkarretaratzea Algortan, artxiboko irudian.