Duela bi asteazken, bat-batean, Sergio Polo Escobés euskal preso politikoa
Cordobako kartzelatik atera zuten Algecirasekora eramateko, Euskal Herritik are gehiago urrunduz. Botafuegoko espetxea Sopelatik 1.060 kilometrora dago. Bada, tokiko herri bilguneak gatibuaren gertukoen ahotik zehaztu ahal izan duenez, Madrilek aginduta lehen graduko lehen fasea aplikatu diote Polori eta honek, "ondo dakigunez, isolamenduko moduluan hiru hilabetez (gutxienez) isolatuta" egotea dakarkio. Bakar-bakarrik dago eta egunean bi orduz patiora atera daiteke, gaineratu dutenez. Egoera horrek bisitetan ere badauka eragina. Bi ordutegietara murriztu dizkiote: larunbatean, 10:00etan; edo igandean, 12:00etan. Dagoeneko berak hori aldatzea eskatu du, senideen autobusaren ordutegiekin bat egineko, baina oraindik ez diote erantzunik eman. Argazkian, 2013ko hasieran preso politiko sopeloztarrak Picassenten eta Cordoban jasandako isolamendu egoera salatu zuten herrikideek / © Sopelako Herrira.