Getxoko Udaltzaingoak auto bateko gidaria atxilotu zuen larunbat (azaroak 29) goizaldean, bide segurtasunaren aurkako delitu bi egotzita: hurrenez hurren, edari alkoholikoen eraginpean gidatzea eta alkoholemia-proba egin nahi ez izatea. Udaltzain-patruila batek egin zuen atxiloketa, Algortako Arriluze kaian barrena 54 urteko gizonezko batek gidatzen zuen autoak galtzadatik ibilbide zuzena ez zeramala, eta jarraian gorritan zegoen semaforoan gelditzen ez zela ikusi ondoren, tokiko iturriek zabaldu dutenez. Zirkulazioaren segurtasunarentzat arriskutsua zela eta, udaltzainek autoa geldiarazi zuten, gidariari birritan autoa lotzeko eskatu eta gero, diotenez, lehenengoan inolako kasurik egin ez zuelako. Behin autoa lotuta, gidaria edari alkoholdunen eraginpean zegoenaren zantzu garbiak ikusi ei zituzten polizia-agenteek. Alkoholemia-proba egiteari uko egin eta gero, udaltzainek atxilo eraman zuten.