Jose Luis Landa Artetxe, "Txefo", izango da datorren maiatzaren 24ko hauteskundeetan Getxoko PSE-EEk aurkeztuko duen alkategaia, 1999tik ardura hori izan duen Luis Almansa ordezkatuz. Horrela erabaki zuten atzo Algortako zein Areeta eta Itzubaltzeta / Romoko taldeetako militanteek, parte hartze handiz egindako primarioetan. Landak botoen %53,90 eskuratu zuen eta Agus Ruiz Estivariz Areeta eta Itzubaltzetako Talde Sozialistako idazkari nagusi eta zinegotziak, berriz, %44,68. Gauzak horrela, Landa, 56 urteko filosofia irakasle algortarra, udaletxera bueltatuko da, 20 bat urte beranduago. Izan ere, 1991n Euskadiko Ezkerrak lortu zituen zinegotzi bietako bat izan zen. 1993an, ordea, Euskadiko Ezkerra PSErekin batu zenean, Bizkaiko Ingurumen delegatu gisa lan egin zuen Jose Antonio Maturana sailburu sozialistaren taldean eta Patxi Lopezen Gobernuan ere Mendebaldeko Kantauriar Arroen Bulegoaren burua izan zen, URA agentziaren barruan. Bertatik arreta handia jarri dio Gobela ibaiari, besteak beste. Argazkian, "Txefo" Landa, ezkerrean, Rodolfo Ares aurkezten Algortako Herriko Etxean emandako hitzaldi batean / © Agus Ruiz.