Pasa den irailaren 21ean hasi zen Covite bere kabuz atentatuen gertalekuetan oroit plakak kokatzen, lehena Bilboko Marzana kaian jarri zuela. 1987ko otsailaren 19an, ETAk bertako Renault autoen kontzesionarioan jarritako lehergailu batek eztanda egin eta Maria Luisa Sanchez Ortega 60 urteko garbitzaileari bizitza kendu zion. Bilboko Udalak errotulua kendu zuen egun batzuk geroago. Hilabete bat beranduago, Donostian antzeko ekimena egin zuen Covitek eta bertako Udalak ere plaka erretiratu zuen. Orain, udalek beraiek errotuluak jar ditzaten eskatzea erabaki dute.
Bestelako biktimarik ez
Covite eta PPren eskaerak ETAk Getxo udalerrian hildako biktimak baino ez ditu hartzen bere gain. Hortaz, Euskadi Ta Askatasunak berak edo beste talde armatuek zein Estatu espainolak eta frantsesak beste tokitan eragindako hildako getxoztarrak ez dituzte kontuan hartu. Adibidez, ETAk 1977ko maiatzaren 20an Barazarren hildako Javier Ybarra Berges enpresari getxoztarra ez da ageri zerrendan. Kasu berean dago Xabier Galdeano Arana, GALek 1985eko martxoaren 30ean Donibane Lohitzunen hil zuen "Egin" egunkariko administrazio kontseiluko kide eta kazetaria. Antonia Hernandez Rodriguez, Angel Figueroa preso algortarra zenaren amona, ere ez dute kontuan hartu. 1997ko martxoaren 14an, sakabanaketa politika pairatzen zuen iloba bisitatzera zihoala hil egin zen, auto istripuz. Aitor Elortza Unanue iheslari algortarraren kasua ere ez da plaketan islatuko. Espetxe eta konfinamenduaren eraginez sorturiko gaixotasunak heriotza eragin zion Baionan, 2006ko urtarrilaren 16an hilik aurkitu zutela.
Horietaz aparte, Covite eta PPren aburuz, badira Getxon hil arren biktimatzat jo ezin diren hildakoak. Zerrendatik at utzi dituzte, besteak beste, Eustakio Mendizabal Benito, "Txikia", 1973ko apirilaren 19an Polizia frankistak segada batean hila. Angel Figueroa Fernandez ere ez ei da biktima. Espainiako espetxeetan mediku-arreta egokia jaso ez izanaren ondorioz gaixotasun larri eta sendaezina garatu ostean, 2013ko martxoaren 14an hil zen Algortan, etxean preso zutela.
Covitek eta PPk omendu nahi dituzten biktimak
• Jose Ramon Moran Gonzalez, ETAk hila, 1975eko apirilaren 22an. Polizia zen.
• Andres Silverio Martin, ETAk hila, 1978ko urriaren 22an. Guardia zibila zen.
• Luciano Mata Corral, ETAk hila, 1978ko urriaren 22an. Guardia zibila zen.
• Luis Carlos Gancedo Ron, ETAk hila, 1978ko urriaren 22an. Guardia zibila zen.
• Joaquin Azaola Martinez, ETAk hila, 1978ko abenduaren 15ean. Delineatzailea zen.
• Pedro Goiri Rovira, ETAk hila, 1979ko irailaren 30ean. Ostalaria zen.
• Antonio Mesa Portillo, ETAk hila, 1979ko urriaren 11n. Polizia zen.
• Jose Miguel Palacios Dominguez, ETAk hila, 1980ko urtarrilaren 19an. Saltzailea zen.
• Manuel Hernandez Seisdedos, ETAk hila, 1981eko azaroaren 26an. Industrialaria zen.
• Alberto Lopez-Jauregizar Poncela, ETAk hila, 1982ko uztailaren 16an. Enpresa ahalduna zen.
• Domingo Javier Garcia Gonzalez, ETAk hila, 1982ko urriaren 22an. Tabernaria zen.
• Mikel Solaun Angulo, ETAk hila, 1984ko otsailaren 4an. Injeniaria zen.
• Moises Cosme Herrero Luango, ETAk hila, 1985eko maiatzaren 26an. Polizia zen.
• Jose Calvo de la Hoz, ETAk hila, 1989ko apirilaren 12an. Guardia zibila zen.
• Eladio Rodriguez García, ETAk hila, 1989ko azaroaren 6an. Polizia zen.
• Rafael San Sebastian Flechoso, ETAk hila, 1990eko ekainaren 10ean. Behargina zen.
• Carlos Perez Dacosta, ETAk hila, 1991ko uztailaren 28an. Guardia zibila zen.
• Jose San Martin Breton, ETAk hila, 1992ko otsailaren 25ean. Guardia zibila zen.
• Jose Maria Lidon Corbi, ETAk hila, 2001eko azaroaren 7an. Epailea zen.