Ostean, azaroko Osoko Bilkuran, kasualitatez edo kausalitatez berriro ere, erroldaren ustelkeria larriaz hitz egiten zuen mozioa aurkeztu zuten. Lehen mailako arazotzat aurkeztu zuten erroldaren ustelkeria, dirulaguntza lapurren sarrera atea bezala. Mozioa irakurtzen amaitzerakoan, badaezpada, arrazistak eta ustelak deitu gintuzten areto horretan geunden gainontzekoak, oraindik kritikarik egin ez genienean ere.
Arraroa egingo zaizue, baina amorrua baino gehiago, auzo lotsa sentitu nuen Osoko Bilkurako PPkoen diskurtsoa entzutean. Hain da begi-bistakoa Marotok behin mikrofono aurrean esan eta gainontzekoek nekatu arte errepikatzen ari diren estrategia! Pausoz pauso azaldutako estrategia bezala ere errepikatu daiteke:
1. Desbideratu ezazu ustelkeriaren mezua, oinarririk gabeko edozein mezu asmaturekin bada ere.
2. Legitimitatea kendu eta estigmatizatu itzazu, etorkinak, dirulaguntza jasotzaileak eta mikrofono aurrean agertu eta beraien buruak defendatzeko aukerarik izango ez duten gizarte sektore guztiak.
3. Sistema kritikatu, horren sortzaile eta gestore nagusietako batzuk zaretela eta, beraz, errudun nagusietako batzuk zaretela aipatu gabe.
4. Mezua lau haizetara zabaldu, batez ere egoera ekonomiko eta ondorioz pertsonal gogorrena duten emakume-gizonen artean, sare sozialak, egunkarietako azalak eta masiboak diren medio guztiak erabiliz.
Ez pertsonalki ez politikoki, minutu bat ere ez dut inbertituko estrategia nazkagarri hori elikatzen. Getxon behintzat, PP orain arte ez da erroldaren ustelkeriaz arduratu, nahiz eta ohiko salaketa izan den Neguriko etxeetan urte osoan herritik agertzen ez diren baina hauteskundeetan asteburu pasa datozen ehunaka lagun ditugula erroldatuta. Ez da arduratu ere Iberdrola edo bestelako diru pilatzaileek euren egoitza errolda aldatzen dutelako, zerga erraztasun handiagoak ematen dizkieten erkidego edo herrialdeetara eramateko. Are gutxiago arduratu dira Getxoko PPko 9 zinegotziak, alderdikideak dituztenak zein euren senar-emazteak, Suitzan edo Andorran erroldatzen ikusi dituztenean.
Badirudi larriki arduratzen dituena hilean 600 euroko dirulaguntzak jasotzen dituztenen ustelkeria dela, 600 milioi euro iruzurtu dituztenena alderdia uzteko beste arduratu ez dienean. Are gehiago, “behekoen” moralitateaz kezkatzen dira, diru publikoaz iruzurra egiteko duten errazkeriaz larritzen dira, egunkarietan egunero “goikoek” moral horren eredu direla irakurtzen ari garenean. Berriz ere, gezurraren eta beldurraren bitartez kontrolatu nahi dute herria, etorkinak, gazteak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak (DBE) jasotzen dutenak eta sistemaren itzalpean daudenei legitimitatea kenduz euren salbaziorako.
Ez naiz izango ni ziurtatuko duenik jendea egongo ez denik gizarte dirulaguntzetan iruzurra egin ez duenik; ez naiz ni izango dugun sistema (dirulaguntzena zein sistema kapitalista bera) onena dela esaten duenik. Baina argi daukat, gure borroka ez dagoela sistema honetan bizirauteko bidezidorra bilatzen dutenen aurrean; sistema hori euren ustelkeriaren neurrira diseinatzen dutenen aurrean baizik.
Horregatik guztiagatik, erabaki dut artikulu hau idaztea getxoztar bizilagun maite; mesedez ez ezazu whatsapp-a birbidali (zure zergak Suitza eta Andorrarako hegazkina hartzen jarraitzea nahi ez baduzu behintzat).
Maitane Nerekan Umaran Getxoko zinegotziak atzo Getxoko EH Bildu koalizioaren blogean argitaratutako artikulua