Kalea itxuraldatzeko proiektua auzokoen eta auzoko jabeen erkidegoetako ordezkari guztiei iaz jakinarazi ziela esan du Udal Gobernuak. Horretarako, "partaidetza prozesu" batean "haien ekarpenak jaso" eta proiektua "berrikusi eta moldatu" dutela agindu dute udal agintariek. Emandako datuen arabera, aipatutako partaidetza prozesuan proiektuaren hasierako proposamena erakutsi zuten jendaurrean eta "300dik gora lagunek bisitatu zuten" erakusketa hura. Proiektua hobetzeko 50 bat iradokizun besterik ez zen jaso.
Imanol Landa alkatearen esanetan, “hiri atseginago eta irisgarriago bat sortzen jarraitu nahi da, bi alderdi horiek bizi-kalitatea hobetzen dutelako, batez ere toki horretako auzotarrena”. Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak, berriz, zehaztu du jarduketa-eremuak 16.240 metro koadroko hedadura dauka. Berak emandako datuen arabera, "43 aparkaleku-plaza berri ipiniko dira". Horrela, egokitutako kale tartean 88 aparkaleku-plaza geratuko lirateke guztira erabiltzeko, horietako bi elbarrituentzat. Halaber, bidegorri tarteak lotuko dira.
Irisgarritasuna hobetuko dutelakoan, oinezkoen zebrabide garaiak ipiniko dituzte Bidebarri eta Elorri kaleen elkarguneetan eta kale tarte osoa asfaltatuko dute. Arregik aipatu duenez, “antolaketa berri honek Ollarretxetik Erredentore kalera zuzenean sartzea ahalbidetuko die ibilgailuei. Eta jarduketa horrek jarraipena izan beharko du datozen urteetan Salsiduko errotondatik Fadurakora arteko zatian, gaur egun Foru Aldundiaren bidea den horren ematea gauzatzen denean”.
"Hiri basoa"
Hirigintza zinegotziaren esanetan, “berdeguneak berriro diseinatuko dira 1.670 metro koadroko eremua okupatuz, guztira. Zuhaiztiei dagokienez, tamaina handiko 7 bere horretan utziko dira, egoera onean daudelako, eta beste 29 ale berri landatuko dituzte, Eta Erredentore aldean plazatxo berria egingo da, 1.710 metro koadroko, horietatik 570 berdegune izango direla”. Oinezkoen gune berri horretan zazpi banku eta lau aulki ipiniko dira, eta jarduketa-eremu guztian, paperontziak.
Oinezkoen gune osoa eta plazatxo berria lau metroko altuera izango duten 22 zutabe berrik argiztatuko dituzte, "energia eraginkortasun handiko argiekin". Baldosa ekologikoa deritzona ere erabiliko da.
Azkenik, euri- eta saneamendu-sareak bereiziko dituzte, inguruko baldintzak ere hobetuz.
Obren egikaritzak ibilgailu-zirkulazioko eta oinezkoentzako ibilbideetan aldaketak eragingo ditu. Halere, aldaketa horiek "behar den moduan" seinaleztatuko dira.