Gorlizko Udalak auzokideak deitu ditu desagertuta dagoen Victor Grande 79 urteko gizona bilatzen lagun dezaten. Arantza Etxebarria alkate jeltzaleak bandoa kaleratu zuen atzo eta horren bidez, "Victor Grande auzotarra bilatzeko lanetan lagundu nahi duten guztiei" jakinarazi zien gaur, larunbata, goizeko 10etan, "gai honi buruzko bilera" egingo dutela Gorlizko udaletxeko Batzar Aretoan. Udalak zabaldu zuenez, bileran Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako koordinatzailea eta Gorlizko Udaltzaingoko burua izango dira, besteak beste. Grande, 1,70 metroko garaikoa eta 70 bat kilo pisatzen dituena, astelehen eguerditik dago desagertuta, etxetik irten zenetik. Hurrengo egunean, etxekoek Ertzaintzara deitu zuten eta ikerketa zabaltzearekin batera
agurea bilatzeari ekin zioten Gorlizko udaltzainek, boluntarioek, Getxoko Ertzain-etxeko agenteek, Gernikako Gurutze Gorriko mendi erreskate taldeak eta txakurren unitate batek, gizonaren etxebizitzatik gertu eta ibili ohi den tokietan hasita. Argazkian, desagertutako gizonaren karnet argazkia / © Ertzaintza.