Uribe Kosta, hiriburua: Durango

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 8a, 02:19

Urtero legez, abenduaren lehen asteburuan kultur eta jendarte ekitaldiak nabarmen egin dute behera Uribe Kostan eta Erandion. Bitartean, Durango aste batez Euskal Herriko hiriburu kulturala bilakatu da eta zelan Uribe Kostakoa ere bai. Koadrilek asteburu planak egin dituzte, haietako asko Durangaldean, manifestaldiren bat edota kultur erosketak tartean; ikastetxeek bisita didaktikoa izan dute; eskualdeko sortzaile gehienak iaz liburuak eta diskoak bere izen ofizialetik desagerrarazi zituen Durangoko Azokara joan dira beraien azken lanak aurkeztera edota aurrekoen salmentari bultzadatxoren bat ematera; beste sortzaile eta banatzaile batzuk, ordea, bertako artisautza azokara edo azoka alternatibora egin dute jausi; gazteak ere kultur produktuen zein parranda bila mugitu dira; eta gurasoak zein etxeko txikienak saltokiz saltoki dabiltza egun, ipuinak aditzearekin batera. Besteak beste, handik murgilduta dabiltza egunotan Unai Elorriaga eta Laura Mintegi idazleak, Kherau eta Guda Dantza musika taldeak, Xabi Paya eta Mitxel Sarasketa itzultzaileak edota Ander Lipus aktorea. Oraindik ez bazara hurbildu, gaur izango duzu azken aukera. Argazkian, Guda Dantza taldeko kideak lehenengo diskoaren grabazioaren atseden batean / © Guda Dantza.

Guda Dantzaren estreinaldia

Guda Dantza Uribe Kostako musika talde gazteak gaur aurkeztuko du kontzertuan "Lainoak eta Oskarbiak" bere lehenengo diskoa. Ahotsenea gunean jarri dute hitzordua, 13:40ean hasi eta 14:10ean amaitzekoa. Halere, Uribe Kostako seikotea aurreko egunotan izan da Landakon, Azokaren alboko zubian diskoak erruz saltzen eta saltzen. Herritarrek Karena Crowfunding plataformaren bitartez aurreratutako diruz diskoa grabatu eta kopiak atera zein etekina atera dutenez, herria saritu dute lana saretik jaisteko libre utziz. Halere, merezi du kopia fisikoa eskuratzea, bost euroko salneurri merkean, trukean rock, ska, reggae eta beste hainbat doinu garbiak dituzten hamar kanta eskaintzen dituztela, binilo itxurako CD-an. Lan eta diseinu txukunak dira eta, gainera, copyleft lizentziaren pean banatu dute lana. Taldearen esanetan, diskoak "egunerokotasunaren lainoak eta oskarbiak islatzen ditu erritmo dantzagarri eta doinu sarkorrez lagunduta. Lan kontzeptual bat ez den arren, kantuek taldea bereizten duen kutsu baiezkorra dute ezaugarri nagusitzat". Beste era batez azalduta, "arazoak alde batean utzi eta guztiz deskonektatzeko disko egokia" da.

Bestalde, bateriak Jabi Palaciosen Konjuntibitis estudioan grabatu zituzten eta gainontzekoa Kike Moraren gidaritzapean grabatu zituzten Begoñako K.M.T. estudioan. Guda dantzariak lagunez eta miresten dituzten hainbat musikariz inguratu dira lehen disko honetarako. Horrela, Gago Striknina taldekoak, Vendetta taldeko Pello Reparazek, Esne Beltzako Gorka Suaiak, Raul Dingos & Flamingos-ek edota Pottoki eta Txeroki perkusiojoleek parte hartu dute proiektuan.

"Ska Reggae Neska" abestiaren bideoklipa (cc-by-sa Guda Dantza)



Kherauren bigarrena eta Elorriagarren bosgarrena

Kherau Uribe Kosta eta Ezkerraldeko folk taldeari atzo goizean egokitu zitzaion udaberrian kaleratutako "Aukhera" diskoa aurkeztea, Ahotsenean ere bai. Orain lau urte egin zuten jendaurreko lehenengo kontzertua bertan. Boskoteak Musikazuzenean-en saltokian du diskoa salgai, euskal, irlandar, balkaniar eta italiar doinuez lepo, hamabost kantetan barrena.

Unai Elorriaga idazle algortarraren kasuan, pasa den larunbatean aurkeztu zuen Ahotsenean azaroan kaleratutako "Iazko hezurrak", bere bosgarren eleberria. Nobelako protagonista, Irene Arrias, kezkaz eta obsesioz bizi da: erasoa, tortura, hilketa, bortxa, atentatua, jazarpena, sarraskia, exekuzioa, krimena, gerra hurbil sentitzen ditu bere inguruan. Joera du indarkeriari erreparatzeko, eta arakatu ere egiten du liburuetan, egunkarietan, interneten, baladetan, sehaska kantetan. Elorriagaren lana Susaren saltokian topatu daiteke, besteak beste.

Leioan egoitza duen Artedramako Ander Lipusek bere aldetik mahai inguruan arituko da gaur, arratsaldeko 5:30ak eta 7:30ak bitartean, Areto Nagusian. "Kultur transmisioaren korapiloa" gaia jarrita, Jon Sarasua eta Mari Jose Olaziregi Etxeparerekin partekatuko du gogoeta, Uxue Alberdi kazetariaren gidaritzapean.

Durangoko Azokak zabaldutako zazpi gomendioak

Durangoko Azokara etorriko diren milaka eta milaka herritarren artetik, gehienontzat ez da lehenengo aldia izango aurtengoa, baina, agian, gomendio hauetako batzuk ez zenituen ezagutzen...
1 - Aterkia, botak eta kipula-janzkera, arropa geruzak erraz kendu eta atzera soinean janzteko, kalean hotz eta guneetan bero egingo duelako.
2 - Agenda 2015erako. Best seller zerrendatan inoiz agertzen ez den baina gehien saltzen den liburuxka, dudarik gabe.
3 - Oparitarako edo zeure buruari dedikatzeko lortu nahiko zenukeen autografoa. Hemen daukazu sinatzen egongo diren sortzaileen zerrenda.
4 - Centro Palentinoko pintxoak eta ardoa, poeta izan nahi dutenentzat. Handik pasatzen diren askok gero libururen bat publikatzen dute, beraz badu zerbait garitoak.
5 - Ahal dela, garraio publikoa. Badaude aparkalekuak Durangon, baina askoz erosoagoa, ekologikoagoa eta azokazaleagoa da garraio publikoa erabiltzea.
6 - Mobileko argazki kamaran instagram sare soziala prest edukitzea, #Dazokat lehiaketan parte hartzeko. Atera argazkiak eta selfieak eta filtro bereziak!
7 - Sormenaz gozatzeko irrika. Bestela, ez etorri.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun