Abadiñoko erailketa matxistak salatuko dituzte bihar Matienan eta Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 11a, 18:07

Bihar, ostirala, Mari Luz Alejo Rodriguez eta Amelia Rodriguez Sardonen erailketa matxistak salatuko dituzte Erandioko Altzaga auzoko metroko geltokiaren aurrean, Erandioko emakumeen elkarteko kideek deitu eta bertako Txoko Feministak babestuta. Euskal Herrian aurten genero bortxakeriaz eraildako laugarren eta bosgarren emakumeen aldeko elkarretaratzea arratsaldeko 7etan burutuko dute, "Erasorik ez, erantzunik gabe!" lelopean. Ordu berean, baina Abadiñoko Matiena auzoko Traña plazako kioskotik "Emakumeon aurkako indarkeriari aurre egin" lelopeko manifestazioa irtengo da. Euskal Herriko Mundu Martxaren Plataformak horra bertaratzeko deia egin die Bizkaiko emakume eta gizon guztiei eta iradokizunari amen diote hainbat taldek, tartean Algortako Bilgune Feministak. Argazkian, atzo Abadiñon egindako elkarretaratzea / cc-by-sa Anboto.org.

Atzo goizeko 8:30ak aldera, topatu zituzten hilik Alejo eta Rodriguez, alaba eta ama, 60 eta 80 bat urtekoak, Abadiñoko Matiena auzoko beraien etxean. Hasieratik, "bortizkeria zantzuak" zeudela nabarmendu zuen Ertzaintzak. Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak komunikabideei adierazi dienaren arabera, Benito Quintairosek aitortu omen du Mari Luz Alejo bere emaztea eta amaginarreba hil izana. Atzo, senide batek gorpuak aurkitu aurretik sute bat izan zen Atxondoko Zuhaitz enpresan, familiak duen negozioan, eta bertan Quintairos topatu zuten lotuta, soka batetik zintzilik eta hainbat zauri zuela. Usansoloko ospitalean senda-agiria jaso ostean Ertzaintzak atxilotu zuen, hilketa leporatuta. Bitartean, atzo eta gaur hainbat mobilizazio izan dira hildakoak oroitu eta erailketa matxistak salatzeko.

Bost emakume erail dituzte aurten

Mari Luz Alejo Rodriguez eta Amelia Rodriguez Sardon ez dira aurtengo bortxakeria matxistak bizitzarik gabe utzitako emakume bakarrak. Lehena Andina Pereira de Brito izan zen, 35 urtekoa; martxoaren 17an hilotz agertu zen Mungian, eta berehala atxilotu zuten haren bikotekide izandakoa.

Bigarrena irailaren 13an izan zen. Angelun (Lapurdi) labankadaka hilik aurkitu zituzten emazte bat eta gizon bat: erizain laguntzaile bat eta 80 urteko gizon bat. Azken horri biloba bat —elbarria— bisitan joana zitzaion, eta haren zaintzailea zen hildako andrea. Handik bi egunetara hilotz agertu zen emaztearen bikotekide ohia, bere buruaz beste eginda, eta Baionako prokuradore Samuel Vuelta Simonek onartu zuen genero indarkeria zela lehen hipotesia. Lehendik ere salaketa bat jarria zuen emazteak gizonaren kontra: tratu txarrak ematen zizkiola zioen. Oso isilik joan zen kasu hura; ia oharkabe.

Hirugarren tragedia Gasteizen izan zen, azaroaren 4an. Orduan 42 urteko emakumezkoa hilik aurkitu zuten Gasteizko Guayaquil kalean, Pilar auzoan, bere etxebizitzan, indarkeria zantzu argiekin. Handik ordu gutxira atxilotu zuten ertzainek haren bikotekide ohia eta bere etxea arakatu. 45 urteko gizon bat da. Ertzainek azaldu zuten genero indarkeriarekin batera aztertzen ari diren beste hipotesi nagusia drogen munduarekin lotuta dagoela: kontu garbitze bat izan daitekeen susmoa zuten. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du kasuaren gaineko xehetasun gehiagorik eman, sumarioa sekretupean ikertzen ari baitira. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, bere aldetik, garbi ikusi zuen gertaera horren atzean indarkeria matxistaren itzala: "mila aurpegi, ahots eta adierazteko forma ditu", oroitarazi du.

Abadiñon eraildako bi emakumeen harira, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak zabaldutako adierazpena

Atzo Abadiño asaldatuta jaiki zen eta horrekin batera, Euskal Herri osoa. Jakin genuen bi emakume, ama-alaba, haren gizon eta suhiak erail zituela haien etxean. Emakumeon aurkako beste eraso honen aurrean Euskal Herriko Mundu Martxaren Plataformak honako hau adierazi nahi du:
Nazkatuta gaude. Haserre ez, oso haserre. Beste behin ere, emakumeon aurkako indarkeria kasu baten aurrean gaude, eta gainera, kasu honen krudelkeria aintzat hartuta, gure gaitzespen osoa eta salaketa irmoa egin nahi dugu ezer baino lehen.

Kontziente gara, emakumeon aurkako indarkeriak ez duela etenik, eta honen aurrean ezin dugu gure amorrua, nekea eta haserrea besterik adierazi.

Salatu nahi dugu, beste behin ere kasu honi eman zaion trataera publiko zein mediatikoa. Salatu nahi dugu, hasiera batetik genero indarkeriarekin lotzeko jarritako erresistentziak hainbat kargu publiko, adierazpen zein komunikabideengatik. Besteak beste, herriko alkatearen lehen hitzak “oso arraroa litzatekeela” esanez, edo hainbat telebista kateetan bestelako teoriei emandako pisua “gizon bakar batek hori dena ezin egin” zezakeela argudiatuz.

Ba gogorarazi nahi dugu, tamalez ez dela hain arraroa eta berriz ere, ardura publikoa duten horiei prudentziaz jokatzeko ardura exijitzen diegu.

Azken aste hauek gogorrak izaten ari dira emakumeon aurkako indarkeria dela medio, eta ezin dugu ahaztu Euskal Herrian urtea amaitzear doala 5 emakume erail dituztela dagoeneko, Bilboko gizon batek bere bi alabak erail zituela Asturiasen berriki eta eta egunero ditugula bortxaketa, eraso eta abarren berri.

Beraz, ozen diogu: nazkatuta gaude eta ez gara isilduko! Emakumeok aske bizitzeko eskubidea dugulako,

Elkarretaratzeak deitu ditugu abenduaren 12rako, ostiralerako, Euskal Herriko herri eta hiriburuetan, eta bereziki deialdia luzatu nahi dugu Matienako Traña plazatik irtengo den manifestaziora joateko ostiralean bertan izango dena 19.00etan (Bizkaiko mobilizazio guztiak Matienako manifestaziora bideratuko dira).

Gora borroka feminista! Gora emakumeon bizitzak!

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun