Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du gaurko euskal kostaldean itsasgoraren orduetan, hau da, 06:00etatik 08:00etara eta 19:00etatik 21:00etara, "Alexandra" ekaitzak bost metroko olatuak eratuko baititu. Goizeko itsasgorak ez du kalte handirik egin portuetan. Ekaitzak olatu handiak eratu ditu Atlantikoan. Irlandako iparraldean, adibidez, 15 metrokoak dira. Dena dela, urrun dagoenez, euskal kostaldera iritsiko diren olatuak txikiagoak izango dira, 5 metrokoak gutxi gorabehera. Hori bai, luze iraungo dute, 19 segundo. Euskalmetek ohartarazi duenez, olatu handienak eta indartsuenak 08:00etatik 18:00etara helduko dira, hau da, alerta laranja orduetatik kanpo. Gainera, tirain handia egongo da euskal portuetan.
Gomendioak
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak denboralea denean herritarrei egiten dizkien gomendioak, ondorio txarrak saihesteko eta ahal beste murrizteko. Kostaldeko arriskuko uneetan agintaritza eskudunek emandako jarraibideak eta aholkuak bete behar dira; hondartzetatik eta olatuen eragina jasan dezaketen bestelako guneetatik ere aldendu; ez erabili itsasontzirik eta egiaztatu ondo amarratuta daudela. Ez egin inola ere uretako kirolik; ez sartu itsasora ezertarako; urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (arrokak, kai-muturrak, moilak) eta ez joan itsas-pasealekuetara, kai-muturretara edo labarretara. Itsasoak eraman egin zaitzake.
Larrialdiren bat izatekotan, honako telefono zenbaki hauetara deitzea gomendatu du Getxoko Udalak: 944 660 202 (Getxoko Udaltzaingoa) eta 112 (SOS Deiak).
Iragarpenen gaurkotzeak eta iragarpenak Euskalmeten (http://www.euskalmet.net) bitartez segitzea gomendatzen eta kasu hauetan, bereziki Twitteren (@Euskalmet) bidez.