Olentzerok eta Mari Domingik gabonetako erosketak Sopelan egitera deitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 11a, 20:09

Sopelako Udalak kanpaina bat abiatu du auzokideek Gabonetako erosketak herrian egitera bultzatzeko asmoz. Horretarako, Olentzero eta Mari Domingiren laguntza jaso dute. Eskutitz batean, Olentzerok eta Mari Domingik gogora ekarri dute herriko komertzioek bizi duten egoera latza, eta herrian mota guztietako produktuak eros daitezkeela nabarmentzen dute. Eskutitz hori Sopelako herritar guztiei bidaltzen hasi da aste honetan. Besteak beste, eskutitzak honakoa dio: "Gabonetan nolabaiteko opariren bat erosteko asmoa baduzu, Sopelako denda txikietan erosi. Gure herrian adin guztietarako produktuak topatuko dituzu, eta gainera konfiantzazko langileen aholku zuzena jasoko duzu. Gainera, kalitatezko lanpostuak mantentzen lagunduko duzu, eta Sopelako jarduera ekonomiko eta sozial nagusiari bultzada emango diozu". Argazkian, Olentzerok eta Mari Domingik horixe bera egingo dute / © Sopelako Udala.

Olentzero eta Mari Domingiren eskutitza

Sopeloztar agurgarriak:

Aste pare bat baino ez da falta Gabonak heltzeko, eta urtero legez, Olentzero eta Mari Domingiren eskuetara milaka eta milaka gutun helduko zaizkigu. Bertan, urtean ondo portatu zaretela konbentzitzen saiatuko zarete, eta hamaika opari eskatuko dizkiguzue.

Bada, aurten guk zuei idazteko erabakia hartu dugu, eskaera oso garrantzitsu bat helarazi gura dizugulako. Jakingo duzuenez, herriko dendari txikiak ez daude sasoian. Gero eta merkatalgune gehiago eraikitzen dira gure inguruan, gero eta gehiago kontsumitzen da multinazionaletan... eta horrek oso ondorio kaltegarriak ditu gure herriko dendetan.

Hori dela eta, honakoa eskatu gura dizugu: Gabonetan nolabaiteko opariren bat erosteko asmoa baduzu, Sopelako denda txikietan erosi. Gure herrian adin guztietarako produktuak topatuko dituzu, eta gainera konfiantzazko langileen aholku zuzena jasoko duzu. Gainera, kalitatezko lanpostuak mantentzen lagunduko duzu, eta Sopelako jarduera ekonomiko eta sozial nagusiari bultzada emango diozu.

Guk behintzat ez daukagu zalantzarik: gure aukera Sopelako dendetan erostea izango da.

Eskerrik asko eta eguberri on!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun