Imanol Landa Getxoko alkateak adierazi duenez, “Gabonak, Getxon hobeto” ekimenak “gabon erosketak udalerriko dendetan egin daitezen bultzatu nahi du eta bertako saltokiekiko getxotarren leialtasuna saritu nahi du, herritarrei, eta batez ere, umeei, egun hauetan gozatzeko zenbait jarduera eskaintzeaz gainera”. Landak “Gabon hauetan egiten ari diren eta egingo diren hainbat jardueretan inplikatuta dauden denda, kirol elkarte eta gainontzeko sektoreen ahalegina” nabarmendu eta aitortu nahi izan du.
GetxOpariak
Kalean barrena musikarekin, haurrekin hizketan, dendetara sartuz, erosketak non egiten dituzten eta erosketak Getxon zergatik egiten dituzten galdezka dabiltzan iratxoak dira. Pertsonaia hauek, Gabonetako opariak udalerrian erosten dituzula ikusten badute,ikuskizunetarako eta Getxolandiarako sarrerak ematen dituzte.
GetxoBonua
Azaroaren 10etik eta atzora arte, abenduak 10, Gabonetan gehiago erosten dela baliatuta, Getxo Bonua bigarren aldiz atera dute: 1.200 bonu, kanpainarekin bat egin duten udalerriko dendetan abantaila handiagoarekin erosteko (50 euroko balioa duena 40 euroko bonuarekin erosteko).
Udalak diru-laguntza eman dio Getxo Enpresari 1.200 GetxoBonu jaulkitzeko. Azaroaren 10etik abenduaren 10era bitartean ipini ziren salgai. “GetxoBonua” kanpainaren bigarren urtea izan da, beherapen-bonuen bitartez, udalerrian merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-jarduera bultzatu eta sustatzeko.
Gabon argiak
Aurten kaleetan argi berriak dira. Udalak 60.000 euro inbertitzen ditu argien instalazio eta mantentze-lanetan, Getxo Enpresa Elkarteari diru-laguntza emanez, eta beste 40.000 euro udalerriko sarrera-irteeratako apaingarrietan eta interesdun publikoko beste leku batzuetan.
Erakusleiho Lehiaketa
Getxo Enpresak antolatutako lehiaketara aurkeztutako erakusleihoak abenduaren 2tik 8ra bitartean baloratu dituzte, besteak beste, erakusleiho-apaintzaile, dekorazio eta diseinuko profesional, kontsumitzaileen ordezkari eta IKT-etan aditu direnek osatutako epaimahai batek, eta herritarren epaimahai batek ere (interesdun guztiek gogokoen dituzten erakusleiho fisikoak edota webguneetakoak hautatu ahal dituzte www.getxoenpresa.com-en bitartez, abenduaren 15era arte). Bi epaimahaien epaia datorren abenduaren 17an egingo den sari-banaketa ekitaldian zehar emango da ezagutzera.
Horrez gainera, Getxo enpresak familiarentzako jokoa egingo du, Altxorraren Bila, datorren abenduaren 27ko goizean, udalerriko dendetan barrena ibilaldi desberdinak jarraituz.
Algorta, ipuinez jantzia...
Algortako 49 establezimenduk beren guneak txikitxoek eta hain txikitxoak ez direnek ezagutzen dituzten ipuinetan inspiratuta apaindu dituzte: "Loti ederra", "Txanogorritxu", "Txokolatezko etxetxoa" eta beste hainbat izenburu, ibilaldia egiten dutenek ikusi ahalko dutenak. Horrez gainera, jardueren agenda zabala eskainiko da eta tailer asko egingo dira gune desberdinetan abenduaren 26 eta 27an. Informazioa: www.getxo.net.
Oparitu euskaraz
2014-2015eko Euskarazko Produktuen Katalogoak informazio eta erreferentzia ugari biltzen ditu, euskarazko opariak erosterakoan kontuan hartzeko: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak, gurasoentzako produktuak...Informazioa: Getxoko liburu-denda laguntzaileetan www.katalogoa.org eta www.getxo.net/euskara
Getxolandia 2014
Abenduaren 20tik urtarrilaren 5era, Getxolandia Haurrentzako Gabonetako Parkea izango da Areetako Xake plazan. Umeek Gabonetako oporrez goza dezaten, Getxolandiak askotariko jolasak eskainiko dizkie.
Olentzeroaren kalejira eta Errege Magoen desfilea
Olentzero batzordeek eta dantza taldeek hainbat jarduera antolatu dituzte abenduaren 21etik 24ra bitartean, auzo bakoitzaren arabera. Kalejiren ibilbideak eta beste jarduera batzuk ezagutzeko udal webgunera jo dezakezue: www.getxo.net/euskera.
Halaber, Ekialdeko Errege Magoek ohiko kabalgata egingo dute astelehen arratsaldean, urtarrilak 5, udalerriko kaleetan barrena, ondoren erregeen harrera-ekitaldia egiteko.
Haur antzerkia: “Olentzero eta zaku magikoa”
Areetako Andres Isasi musika eskolan “Olentzero eta zaku magikoa” egingo da abenduaren 28an, igandea, 18:00etan. Antzezpena euskaraz egingo da, 3 urtetik gorako umeentzat dago zuzenduta eta sarrera 5 eurokoa izango da.
Gabonak kultur etxeetan
Itzubaltzeta / Romoko kultur etxeak umeentzako bi proposamen ludiko hartuko du abenduaren 22, 23, 26, 29 eta 30ean eta urtarrilaren 2an, 3 eta 12 urte arteko umeentzat, batetik, eta 5 eta 12 artekoentzat, bestetik, irudimena, parte-hartze aktiboa eta sormena bezalako alderdiak estimulatzeko sortutako tailer eta jolasen bidez, besteak beste.
Dantza&Plaza
Algortako Olentzero Batzordeak Plaza&Dantza ekimena antolatu du abenduaren 23rako, 20:00etan, San Nikolas plazan. Plaza&Dantza ezkerraldean sortutako talde gaztea da. Gure plazak dantzan animatzeko asmoz sortu berri da. Euskal dantzak ez ezik beste herrialde batzuetako folklorea ezagutzera emango digute. Bertan dantzak ikasteko eta ezagutzeko aukera izango duzue. Musika, dantza eta kantua uztartutik. Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko! Sarrera dohainik izango da.
Sun Magoa: “Magic spectacular”
“Magic spectacular” ikuskizun harrigarri eta berritzailea aurkeztuko du Sun Magoak hilaren 29an, astelehena, 18:00etan, Areetako Andres Isasi musika eskolan. Sun magoak bere unibertso magikoan murgilduko gaitu. Muntaia euskaraz izango da eta familia osoarentzat dago zuzenduta. Sarrera: 5 euro.
Gabonak “Kukupraka” ludotekan
Areetako Eskoletako plazan dagoen ludotekak aisialdirako hainbat ekintza antolatzen ditu aurtengo Gabonetan 5 eta 11 urte bitarteko umeentzat: jokoak, tailerrak, lankidetza-jolasak, hainbat motatako dinamikak. Honekin guztiarekin, gure umeak aisialdian modu dibertigarrian hezi nahi ditu ludotekak eta, bestetik, umeen artean aisialdian euskararen erabilera ere sustatu. Abenduaren 22, 23, 24, 26, 29, 30 eta 31n eta urtarrilaren 2 eta 5ean. Ordutegia: 10:30-13:30. Sarrera doan eta jende-kopuru mugatua izango da.
Gabonak “GauEgun” gaztelekuan
Sing star eta ping pong txapelketak, tailerrak, zine kluba, Euskal Selekzioaren partida ikustera joateko irteera San Mamesera eta beste hainbat ekintza antolatuko ditu Algortako GauEgun gaztelekuak. 11 eta 17 urte bitarteko gazteentzako jarduerak dira antolatutakoak, gazteek Gabonetan ere aisialdiaz gozatu dezaten. Sarrera doan eta jende-kopuru mugatua izango da.
Kirol campusak
Aurtengo Gabonetan 13 kirol campus eskainiko dituzte honako modalitate hauetan: gimnastika erritmikoa, errugbia, saski-baloia, igeriketa, tenisa, futbola, patinajea, skatea eta bela. Zenbait kirol-taldek antolatzen dituzte, Getxo Kirolak-en laguntzarekin. Egun, ordutegi eta prezioei buruzko informazioa: www.getxo.net.
Bapiruke
Bizarra Lepoan elkarteak, Udalaren laguntzarekin, aurtengo Gabonetan ere euskarazko Bapiruke egonaldiak antolatu ditu. 5 eta 12 urte arteko umeek hainbat jardueretan (tailerrak, jolasak, irteerak…) parte hartuko dute abenduaren 22tik urtarrilaren 5era, Algortako Juan Bautista Zabala eskoletan eta Romo herri ikastetxean. Inskripzioa egiteko epea itxita dago jada. Informazioa: 944 910 387, info[abildua]bizarralepoan.org eta www.bizarralepoan.org.