Imanol Landa alkateak aipatu du memoriala “lasterketa herrikoien egutegian tradizio gehien duen probetako bat, gure kirol-klubek eta elkarteek egiten duten ahalegin handiaren adibide argia ere badena, denboraldia ixteko modurik onena da. Kirolaren arloan lor genezakeen europar saririk garrantzitsuena, alegia, 2014ko Europako Kirol Hiri Onena, eskuratu dugun urte historikoa baita, urtean zehar antolatu diren kirol-programa, jarduera fisiko eta aisialdi osasungarriko aukera ugariei esker”.
Memorialak, ohikoa denez, bi proba ditu, bata testigantzazkoa, lehiakorra ez dena, 2 kilometrokoa, doakoa, eta bigarrena lehiakorra dena, 9 kilometrokoa, junior mailatik beteranoetara biltzen dituenak. Azken horretan parte hartzeagatik 7 euro ordaindu beharko dira –Laboral Kutxako bulegoetan–. Lehena 10:30ean hasiko da eta ordu erdi beranduago, 11:00etan bigarrena, Fadurako udal kiroldegiko eraikin nagusiaren aurrean eta atletismo pistan amaitu. Inskripzioa asteazkenera arte, hilaren 17ra arte, dago zabalik Getxo Kirolen, Getxoko zein herrialdeko kirol saltoki batzuetan eta www.itxartu.com webgunean. Lasterketaren egunean ez dute izen-ematerik onartuko.
Sarien atalari dagokionez, antolakuntzakoek, bai gizonezkoei zein emakumezkoei, 600 euroko ohiko lehen sari nagusia emango diete, lasterketako marka ontzeagatik aparteko 600 eurokoaz gainera. 300 euroko saria izango da lehen atleta euskaldunarentzat eta 200koa Getxoko lehenengoarentzat. Testigantza-proban parte hartzen duten 16 urtez azpikoentzat garaikurrak izango dira, kategoria bakoitzeko lehen hirurentzat bezala, elastiko teknikoa lasterketa nagusian parte hartzen dutenentzat eta Getxo Kirolak erakundeak bertako bizilagunen artean zozketatuko dituen zazpi sari herrikoiak.
Antolatzaileek aurten ere Txikigune zerbitzua egokitu dute, doakoa, beren gurasoek lasterketan parte hartzen duten bitartean umeek jolasteko gunea izan dezaten. Txikigunea 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik.
Europako Kirol Hiri Onena 2014 banderaren jasoaldia
Lasterketa nagusia hasi aurretik, Getxoko kirol ordezkaritza batek 8 bandera jasoko ditu 10:45ean, Getxori Europako Kirol Hiri Onena 2014 saria eman diotela ospatzeko. Horretarako, klubetako ordezkariak, kirolari bat, Getxoko Kirolak udal erakundeko ikastaroetako kide bat eta langile bat, sektoreko enpresa bat, herriko Kirol Eskoletako ordezkaria eta gimnasio edo kirol klub pribatu bateko kideak ere izango dira.
Álvaro González Kirol zinegotziak, sariaren ospakizunaren harira aipatu duenez, “beharrezkoa uste genuen kontinentean kirol alorrean Getxo udalerri erreferente izaten modu batera edo bestera lagundu gaituzten pertsona guztiei omenaldi bat egitea. Bada, herrian urteko atletismo lasterketa handi hau aprobetxatu nahi izan dugu Fadura kiroldegiko aurrealdean dauden hagetan Bruselan joandako azaroaren 19an jaso genituenen antzeko banderak igotzeko”.
Europatik jasotako aitorpen bikoitzaren (Europako Kirol Hiria, lehenik, eta urteko Europako Kirol Hiririk Onena, gero) balantze gisa, gogoratzekoa da 50 kirol-modalitate desberdinetako 300 ekitaldi inguru antolatu direla Getxon. 40.000 lagunek parte hartu dute horietan, eta beste 2.700 boluntarioren laguntza eduki dute. “Zenbaki horiek guztiak benetan adierazgarriak dira, argi erakusten baitigute kirol-eremuko jendeak zenbateko ekarpena egiten dion gure herriari, eta berriz ere, eskerrak eta zorionak eman behar dizkiegu egiten ari diren lan handiarengatik”, alkateak zehaztu duenez