Nekazaritza eta Abeltzaintza azoka igandean Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 12a, 12:07

Igande honetan, igandeak 14, 10:00etatik 15:00etara, XXVII. Nekazaritza eta Abeltzaintza azoka izango da Leioako Bulebarrean eta Jose Ramon Aketxe eta Errekalde plazetan. Udal iturriek zehaztu dutenez, Euskal Herri osotik heldutako 75 ekoizle eta artisau hurbilduko dira Leioara, gehienbat bizkaitarrak: Abadiño, Orozko, Otxandio, Karrantza, Goierri (Erandio), Markina, Gernika, Leioa, Urduña, Kastrexana, Larrabetzu, Zornotza, Gatika, Loiu, Sondika, Zamudio, Igorre, Muxika, Mendata, Bermeo, Maruri-Jatabe, Gordexola, Mallabia, Bilbo, Trapaga, Berango, Urduliz, Gamiz….). Goiz guztian zehar, produktu desberdinak dastatu eta erosteko aukera egongo da Jose Ramon Aketxen: pateak, txerrikiak, barraskiloak, ogi eta pastelak, eztia, ortuariak, loreak eta landareak, txakolina, sagardoa, gazta, frutak, eta abar. Bestalde, 80 abelburu inguru izango da ikusgai, hala nola, behiak, idiak, zaldiak, poneyak, astoak, gameluak, zebrak, ahuntzak, ardiak, eta abar. Horietariko asko, irabazle izan dira Bizkaian eta Euskal Herrian egindako hainbat lehiaketatan (Markina, Zamudio, Gernika,..). Aurten, gainera, 1.500 kiloko idia egongo da, eta arraza desberdinetako behiak: txarolesa, piriniotarra, blonda, limusina, asturiarra, frisiarra. Argazkian, abenduan egin ohi dute Leioan Nekazaritza eta Abeltzaintza azoka / © Leioako Udala.

Ekintzei dagokienez, goizean zehar, Errekalde plazan, euskal dantzak izango dira Gure Ohiturak dantza taldearen eskutik, eta herri kirolak (arpana, trontza eta harri jasotzaileak). Bulebarrean, abelgorrien azalpena eta pisatzea izango dira. Bestalde, Leioako Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, Eusko Labeleko barraskiloak eta sagardoa dastatzeko aukera ere izango da Jose Ramon Aketxe plazan. Azkenik, Idiazabal Gazta Jatorrizko Izendapenaren Bizkaitar Ekoizleentzako XVI. “Leioako Udala” lehiaketa burutuko da, eta publikoak ere dastatu ahal izango ditu gaztak (aurretik izena emanda).

Aurten, gainera, “Zure behirik gustukoena” lehiaketan parte har daiteke: partaide guztien artean, azokako produktuz beteriko otzara zozkatuko da, eta behi irabazleak saria izango du. Eta gauza gehiago azoka animatzeko: trikitilariak eta txistulariak, umeentzako tailerrak, paseoak poneyan, eta abar.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun