Esandako herrietako batzokietan era guztietako pintxoak eskainiko dira. Erandio Bekoan, esaterako, odoloste, txorizo, tortilla eta olagarro mokaduak jarriko dira salgai; Erandio Goikoako batzokian txorizo pintxoak eskainiko dira eta Astrabuduako batzokian "pintxo moruno’ delakoak. Derion, barrengorria izango da protagonista; Larrabetzun txorizoa sagardotan egina, eta Loiun bi egongo dira aukeratzeko: txistorra eta entsalada errusiarra. Lezaman, Zamudion eta Sondikan talo egin berriak eskainiko zaizkie igandekoa ongintzan inbertitu nahi duten guztiei.
Down Sindromearen Fundaziora bisita
Iragan asteazkenean, Txorierriko uri erakundeetako hainbat ordezkari eta Aitziber Oliban eskualdeko burukide astrabuduarra Down Sindromearen Fundazioak Bilbon duen egoitzara hurbildu ziren, talde honek egiten duen lana lehen eskutik ezagutzeko.
Adierazi dutenez, “elkarte honi asko diogu eskertzeko. Paregabea da egunero egiten duen lana. Bereziki harritu gaitu trastornoren bat duten umeekin edo arazorik izateko arriskutan egon daitezkeenekin arreta goiztiarra emateko egiten duten lana. Pozik egongo gara gure ahalegin txikiarekin beraiek gizarteari ematen diotenaren zati bat itzultzea lortzen badugu”.